Euskara ez dakitenek osatzen dute abstenituko direnen artean talde handiena

Euskararen ezagutza eta boto asmoa erkatu ditu Aztikerrek, azken Euskal Soziometroaren datu basea oinarri hartuta.

Oihana Llorente|2016/09/13

Uztailean aurkeztutako Euskal Soziometroaren datu basea oinarri, euskararen ezagutza eta bozkatzeko asmoa erkatu ditu Aztikerrek, datorren irailaren 25eko aurreikuspen elektorala eginez.

Emaitza esanguratsuena abstentzioan datza, izan ere, aukera horren alde egingo duen %68,2ak euskara ez duela apenas ezagutzen onartu du.

Boto-emaileen euskararen jakintza

Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak ekainean egin zuen landa lana eta uztailean publikatu zuen 61. Euskal Soziometroa. ‘Euskal gizartea etorkizunaren aurrean’ lanaren datu baseetatik tiraka egin dute erkaketa Aztikerrek eta bertako soziologoa den Asier Etxenikek zabaldu du bere Twitter kontuan. 

Bost ataletan banatu dute euskararen ezagutza: Oso ondo, nahikoa ondo, zerbait, hitz batzuen ezagutza eta batere ez. Eta bost aukera horien artean kokatu behar zuten euren burua inkestan parte hartu duten pertsonek. Behin euskara maila ezarrita datorren irailaren 25ean bozkatzeko asmoa duten aukera politikoa adierazi behar zuten.

Inkesta honen arabera, EAJko boto-emaileen artean gehiago dira euskara apenas ezagutzen ez dutenak. Urkulluren alderdia bozkatzeko asmoa agertu zuen laurdenak euskaraz ezer ez dakiela onartu zuen, eta, beste %23k hitz solte batzuk besterik ez dakiela adierazi zuen inkesta egiterakoan. Boto-emaileen ia %15ak euskara zerbait ezagutzen duela esan zuen; %10,6ak nahikoa ondo eta %26,6ak, oso ondo.

Esanguratsuak dira abstentzioaren datuak, euskararen ezagutzarik ez duten pertsonak baitira, inkesta honen arabera, bozkatuko ez duten gehienak. Abstentzioaren alde egingo dutenen %40,5ak euskara ez duela batere ezagutzen adierazi zuen. %27,3ak, aldiz, hitz batzuen ezagutza duela eta %11,7k, zerbait dakiela.

EH Bilduko hautesleen gehiengoak menderatzen du euskara, izan ere, %63,1ak oso ondo eta %10,9ak nahiko ondo ezagutzen duela adierazi du. Koalizio abertzaleko %25 inguruk kokatzen du bere burua euskararen ezagutzaren azken hiru kategorietan.

EH Bilduren atzean IU-Ezker Anitza eta Podemos Ahal Dugu daude. Nahiz eta hauteskundeetan elkarrekin parte hartu, inkestan bi aukera ezberdinetan ageri dira. IU-Ezker Anitza bozkatzeko asmoa agertu zuen %43,2ak euskara oso ondo eta nahikoa ondo ezagutzen duela adierazi zuen. Podemos-Ahal Dugu aukeraren alde egin zutenen artean, aldiz, %38,8 dira euskararen bi ezagutza maila horietan daudenak.

Beste muturrean daude PP, PSE, UPyD eta Ciudadanos alderdiei botoa emateko asmoa dutenak.

PP bozkatzeko asmoa duten %53,3ak euskara ez duela batere ezagutzen aitortu zuen inkesta egiterakoan, eta beste laurdena pasatxok hitz batzuen ezagutza duela zioen. Alonsoren jarraitzaileen %3,3ak soilik du euskararen ezagutza oso ona, eta beste hainbestek nahikoa ona.

Antzerako datuak dira PSE eta Ciudadanoseko boz-emaileenak. Lehenen artean %45,7ak ez du euskara ezagutzen, eta %37,5eko ezagutza eza da Ciudadanoseko jarraitzaileen artekoa.

UPyD bozkatzeko asmoa dutenen artean, aldiz, gutxi dira euskara batere ezagutzen ez dutela diotenak. Soilik %12,5a kokatzen da ezagutza maila horretan. Euskaraz hitz batzuk ezagutzen dituztela diote, alabaina gehienek, %62,5ak, hain zuzen ere.

Azpiko grafikoan, euskararen jakintza oinarri hartuta boto asmoa


 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.