NAIZ
DONOSTIA

Isiltasun mediatikoa apurtzeko ekintza izan zela argudiatu dute Iparragirreren senide eta lagunek

Larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirreren senide eta lagunek argitu nahi izan dute Zinemaldiaren inaugurazio gala etearen arrazoia hainbat komunikabideek gaiaren aurrean duten isiltasuna apurtzeko ekintza izan zela.

Protesta por la libertad de Ibon Iparragirre en la gala inaugural de Zinemaldia. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Protesta por la libertad de Ibon Iparragirre en la gala inaugural de Zinemaldia. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Zinemaldiaren 64. edizioa abiatu zen atzo, ostiralez, protesta artean; larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirreren senide eta lagunek gala eten zuten, honen berehalako askatasuna eskatuz. Hala, ekintzaren zergatien berri eman nahi izan dute.

Ohartarazi dute hainbat komunikabideren aldetik nolabaiteko isiltasun mediatikoa jasaten dutela: «Irailaren 15ean, Ibonen amak, neurologo batek eta Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak prentsaurreko bat eskaini zuten, Ibonen egoeraren berri emanez. Tamalez, beste kasu batzuetan giza eskubideak hain ozen aldarrikatzen dituzten hainbat komunikabide ez ziren azaldu, ezta guztion artean ordaintzen dugun Euskal Irrati Telebista publikoa ere».

Hori hala, eta nahiz eta prentsaurrekoaren laburpena bidali, gaineratu dute hurrengo egunean, pare bat salbuespen izan ezik, gainontzeko hedabideetan ez zela beronen aipamenik ere egin. «Aurreko asteburuan Kontxan egon ginen. Nahiz eta, behin estropada amaituta, arraunlari eta agintarien ondo-ondoan egon, Ibonen etxeratzea eskatzen zuten pankarta izpirik ez zen ikusi», gaineratu dute.

Gauzak horrela, Zinemaldiko inaugurazio galaren eskaparatea erabili beste aukerarik ez zitzaiela geratu nabarmendu dute: «Guretzako ere ez da samurra, batzuen txaloen artean beste batzuen irain eta txistuak entzun behar izatea, jakinda, gainera, ikusleak ez direla Ibonen egoeraren erantzuleak. Ez da dibertigarria».

«Beraz, inork ez dezala pentsatu hau guretzako erraza denik. Egiten dugu egin behar dugulako eta ikusten dugulako denbora aurrera doala, Ibonen egoerak okerrera egin duela eta azken 16 hilabeteetan ez diotela erresonantzia magnetikorik egin, berez sei hilabetero behar lukeenean», azpimarratu dute.

Gauzak horrela, eta beste aldera ezin dutela begiratu erantsita, Ibon eta bera bezala larriki gaixo dauden presoen aurka burutzen diren giza eskubideen urraketen aurrean lanean jarraituko dutela adierazi dute.