Gora begira jarri da Athletic Granadan irabazi eta gero (1-2)

Garaipen garrantzitsua eskuratu du Athleticek Granadan eta sailkapeneko goiko postuei begira jarri da. Raul Garciak aurreratu ditu bizkaitarrak, eta andaluziarrek atsedenaldiaren aurretik partida berdindu duten arren, Laportek bigarren zatian garaipena eman die bilbotarrei. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

NAIZ|Granada|2016/09/21

Talde bizkaitarra hobea izan da lehen zatian. Hasi eta gutxira Raul Garciak aukera ona izan du, gerora egingo zuenaren inguruan abisua emanez, edo. Hala ere, Granadak ere ez dio uko egin baloia edukitzeari, baina Valverderen mutilen presioa nagusitu da zelai erdian.

Modu honetan, eskubitik saiatu dira bizkaitarrak arriskua aurrera eramaten. Horietako batean, baloia atzerantza atera da eta Raul Garciak gol ederra egin du ezker hankaz. Kontrolatu eta zutoin luzean kokatu du baloia, atezainaren eskuetatik urruti.

Hobe aritu dira lehoiak, baina ez dute beste gol aukera handirik sortzea lortu. Dena den, bazirudien atsedenaldira aurretik iritsiko zirela, baina jokaldi oso nahasi batean andaluziarrek berdinketa jarri dute markagailuan 44. minutuan.

Bigarren zatian balantza zerbait bereganatu du Granadak. Garbi nagusitu gabe baina gehiago aritu dira Keparen ateari begira. Aukerak, dena den, ez ziren oso garbiak. Athleticen aldetik ere, Laportek bere buruan izan du gola, baina Momo Ochoa atezainak arazo handiegirik gabe geratu du. Eta minutuak aurrera joan ahala partida nahasten joan da, kontrol argirik gabe, nekearen ondorioz.

Laportek lehenbizikoan ez du asmatu, baina handik gutxira garaipena eman dio bere taldeari. 76. minutuan, korner bateko bigarren baloia hanketan ere erori zaio eta, atea hutsik zuela, atzelariak ez du barkatu.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.