Imanol Urbieta hil da, ranroberra martxan utzita

83 urte zituela hil da Imanol Urbieta. Musikaria eta irakaslea izan da. Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta, ideia horren bueltan osatu du bere ibilbide osoa.

Amagoia Mujika|ZARAUTZ|2016/09/28|Iruzkin 1
Urbieta
Imanol Urbieta 2014ean. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Zarauzko musika plazan jaio zen duela 83 urte eta bizitza osoa musikaren bueltan egin du musikari eta musika irakasleak. Ez da lan erraza gaur hil den Imanol Urbieta –Manolo, askorentzat– zer izan den hitz pare batean jasotzea. Musikaria eta irakaslea izan da, baina hori baino askoz gehiago ere bai.

Berrogei urtean zenbat belaunaldi ez ote dituen kantuan jarri. Berak sortutako abestiak Euskal Herriko hainbat belaunaldiren txikitako soinu banda izan dira; ‘Txiki-txiki-txiki ikusten naiz kalean’, ‘Ranroberra’, ‘Astoa ikusi nuen’, ‘Alaken’, ‘Mak Mikel’... Eta Imanol Urbietaren soinu banda ez da isildu, orain haur direnek Ranroberrarekin kantuan eta dantzan segitzen baitute.

Arantzazun eta Erroman ikasi ondoren, Valentziako Unibertsitatean Filosofian lizentziatu zen. Donostiako Kontserbatorioan musika ikasketak egina. Zarauzko Irrintzi taldean sartu zen 1957 inguruan, eta herriko antzerki eta dantza saioetan parte hartzen hasi zen. Baita Euskal Jaien antolakuntzan ere. Hainbat abesbatza eta musika talderen sortzaile eta zuzendari izan da.

Haur kantarien mugimendua sortu zuen Zarautzen: haurrak kantuan eta ipuinak kontatzen jarri zituen; herriz herri ibili ziren eta haurrentzat euskaraz egin den lehen diskoa grabatu zuen: ‘Haur Kantariak’, (1967). Zarauzko ikastolaren lehenengo urteetan bertako irakasle izan zen. Zarautzen musika-eskola bat sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian beste bat: Xirula Mirula.

Imanol Urbietak kontatzen zuen hiruzpalau urte zituela handitan zer izan nahi ote zuen galdetu ziotela. Eta, berak, erantzun: «Nik ofizio alegreena izan nahi dut». Eta halakoxea izan da bere ofizioa, poz eta alaitasun handia banatu dituena. Urbietarentzat musika ez zen helburua, bitartekoa baizik, mundua deskubritzeko eta haurrak bere burua deskubritzeko bitartekoa. Eta horretan tematu da bere ibilbide guztian, haurren begiak munduaren parean zabaltzen, musikaren eskutik. 

Sariak

Urbietak hainbat sari jaso zituen. 2007an Gipuzkoako Aldundiak Abbadia saria eman zion eta Durangoko Azokan 2010ean Argizaiola saria jaso zuen. 2013an, berriz, bere kantuen bertsioekin ‘Bakarrik eta libre’ diskoa osatu zuten Zarauzko Udalak, Elkarrek eta Mikel Kazalisek, musikariari omenaldi gisa.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.