NAIZ

«Frankismoaren inpunitatea azken muturreraino eramatea» leporatu diote Estatuko Fiskal Nagusiari

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak espainiar Estatuko instituzioek «frankismoaren inpunitatea azken muturreraino» eraman nahi dutela salatu du, Fiskal Nagusiak Maria Servini epaileak agindutako erreguen kunplimendua bertan behera uztea eskatu eta gero.

Servini, Euskal Herrira egin zuen bisitetako batean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Servini, Euskal Herrira egin zuen bisitetako batean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

«Gure salaketa irmoa azaldu nahi diegu frankismoaren inpunitatea azken muturreraino eramatea nahi duten instituzio, estamentu eta pertsonei», azaldu du Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak ohar baten bidez. Espainair Estatuko Fiskaltzak Argentinako kereila dela-eta egin behar ziren galdeketak bertan behera uztea eskatu zuen atzo.

Hala ere, Madrilgo Gobernuaren jarrera ezkor honek «indar gehiago» ematen diela adierazi du plataformak, eta «inpunitatearen aurkako borrokan» jarraituko dutela azpimarratu.

Argentinako Kereila babesten duen koordinakundeak gogora ekarri du azken bi urteetan biktima ugarik deklaratu dutela, «inongo arazorik gabe». Inputatuei deklaratzeko ordua iritsi zaienean jarri dira trabak, erantsi du.

Fiskaltzak erabili duen beste argudioetako bat argentinarren konpetentzia falta da, baina koordinakundeak gogora ekarri du justizia unibertsalaren kasuan «edozein herritako edozein epaitegik duela konpetentzia». Era berean, gizadiaren aurkako krimenek ez dutela preskribatzen azpimarratu dute.

«Berriz ere, Fiskaltzaren jarrera ez da estatu demokratiko batena», gehitu dute. Hala ere, konfidantza agertu dute espainiar epaitegiengan, hauek Argentinako justiziarekin elkarrekin lan egin dezaten batzuei zein besteei deklarazioa hartu ahal izateko.