NAIZ
BILBO

TTIP eta CETA hitzarmenen aurkako mobilizazio egunean parte hartzeko deia egin dute

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eta TTIP-CETA Ez! ekimenaren ordezkariek agerraldia egin dute Bilboko Arriaga Plazan, datorren larunbaterako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko.

TTIP eta CETA hitzarmenen aurka hilaren 5erako deitu dituzten mobilizazioa aurkezteko agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
TTIP eta CETA hitzarmenen aurka hilaren 5erako deitu dituzten mobilizazioa aurkezteko agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Arriaga plazan eginiko agerraldian, Irati Sienra eta Julia Martin izan dira hilaren 5erako Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA hitzarmenen aurka antolatu diren mobilizazioa aurkezteko arduradunak.

‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ lelopean deitu dituzte mobilizazioak.

Bilbon, 13.00etan kalejira egingo dute Unamuno plazatik hasita eta 17.30ean, manifestazio bat abiatuko da Plaza Eliptikotik. Donostian, 17.00etan dago jarrita hitzordua, Bulebarrean.

Gasteizko zita eguerdian izango da, Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñean, aldiz, 13.00etan hasiko da manifestazioa autobus geltoki zaharretik hasita.

«Ezinbestekoa da gisa honetako nazioarteko merkataritza itunak baztertzea, euren helburu bakarra finantza kapitala eta multinazionalak babestea delako, beti ere ingurugiroaren, pertsonen eskubideen eta herrien kaltetan», nabarmendu dute.

Gaineratu dutenez, azken egunotan Valonian gertatutakoak «agerian utzi du beste behin kapitalak eta euren mesedetan agintzen duten ordezkari politikoek nola jokatzen duten». Ildo horretan, mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute: «Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, posible da bi hitzarmen hauek geldiaraztea. Izan ere, oraindik bide luzea gelditzen da euren sinadurarako».