NAIZ
BILBO

Ostegunean manifestazioa egingo du ELAk Bilbon, zahar-etxeetako grebaren 50. egunean

Datorren ostegunean, hilak 10, Bizkaiko zaharren egoitzetako grebak 50 egun beteko dituen egunean, manifestazioa egingo du ELAk Bilbon.

Bizkaiko zaharren egoitzeko langileen protesta bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko zaharren egoitzeko langileen protesta bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko hiriburuan eginiko agerraldian, zahar-egoitzetako grebaren inguruko irakurketa egin du ELAk, eta mobilizazio gehiagoren berri eman du.

Lehenik eta behin, sindikatuak azpimarratu du ondo deritzela bai grebaren erantzunari bai hilabete hauetan, gatazka gizarteratzeko, egin diren hamarka mobilizazioei.

Ezarritako gutxieneko zerbitzuek «greba indargabetzeko eta gatazka ezkutatzeko» helburu «ezin argiagoa» zuten arren, eginiko mobilizazioetan izan den parte hartzea nabarmendu du sindikatuak.

Senideek izan duten jarrera txalotu eta gero, sektoreko patronalaren eta Bizkaiko Aldundiarena, aldiz, txarretsi egin dituzte.

ELAk gogoratu duenez, sektoreko patronalek (LARES, ELBE eta GESCA) proposamen bat aurkeztu zuten urriaren hasieran, baina sindikatuei «begirune galtze eta arduragabekeria» iruditu zitzaiela azpimarratu du eta, gaineratu du, orduz geroztik ez dutela berriro bilerarik egin.

Orain dela hilabete sindikatuen eskariz egindako bilera hartan zera proposatu zuten: 6 euro baino gutxiagoko soldata-igoera eta 2 orduko lanaldi-murrizketa.

«Patronalak oso eroso sentitzen dira, diru publikoaren kontura ateratzen dituzten etekin itzelak kudeatuz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean. Bestela, zelan ulertu daiteke, azken bileratik hona eta 50 eguneko greba baten ostean, guri negoziatzera deitu ez izana?», galdetu du ELAk. 

Aldundiko Gizarte Ongizateko Sailarekin ere bilera bakarra izan dute sindikatuek. «Orduan, jota harriturik geratu ginen –adierazi dute– Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa entzutean; izan ere, plaza/prezioa %2,5 jaitsi gura dute itunpeko ia 3.000 oheetan, 81 eurotik 79ra. Hori hala bada, ondorio larriak ekarriko ditu, zeren prezioaren jaitsierak eragin zuzena du zerbitzuaren kalitatean eta langileen lan-baldintzetan».

Hala, lan baldintza duinak aldarrikatuz segiko dutela agindu dute eta mobilizazio gehiagoren berri eman: bihar, asteartea, elkarretaratzea egingo dute Foru Jauregiaren aurrean eta, ostegunean, Bilboko auzo desberdinetatik abiatuko diren hiru zutabetan manifestazioa egingo dute. Foru Aldundiaren jauregian egingo dute bat hiru zutabeek.