Gotzon ARANBURU
BERGARA

Laboratorium museoa

Zer pentsatuko ote zuten Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek Hapiick eta Sabbatik proiektuen aurkezpenean izan balira Bergarako Laboratorium museoan? Seguru asko, ez zuketen ezer ulertuko. Zer da MacBook jartzen duen kaxa arraro hori? Ikusten ari garen irudi horiek, nondik irten dira? Eta mutil hauek euskaraz ari direla dirudi, baina bai arraro. Goiko solairura igoko balira, ordea, orduan bai, pieza, instrumentu eta irudi ezagunak ikusiko lituzkete, horien arte wolframita zati bat. Izan ere, bi anaiok izan ziren Euskal Herriak elementu kimikoen taulari egin dion ekarpen bakarraren egileak, wolframa deskubritu baitzuten.

Laboratorium museoko erakusketa. (Gotzon ARANBURU)
Laboratorium museoko erakusketa. (Gotzon ARANBURU)

Bergarako Laboratorium museoan gaude, Errekalde jauregian. Handia, argia, erosoa, ondo hornitua eta prestatua. Zientzia zaleek gozatu ederra hartzen dute etxe honetan, duela urtebete ireki zenetik. Eraikina bera da ederra –hemen bizi izan zen Xabier Maria Munibe, Peñafloridako kontea– baina izarra museoko bildumak dira, antzinako tresna zientifikoak, zoologia gelak, anatomiakoak… Baina garbi izan behar da Laboratorium ez dela soil-soilik erakusketa bat. Alderantziz, helburu du zientzia-programak sortzea, lantegi didaktikoak eratzea, udaleku zientifikoak garatzea, baita Bergarako hirigune historikoa eta natura ezagutzeko aukera ematea ere.

Aste honetan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiak egiten ari dira Laboratoriumen. Zientziaren eta teknologiaren arloko azken berriak, produktuak, joerak eta eztabaidak ezagutzeko parada aparta da. Unibertsitateko irakasleak etorri dira –EHUko Jon Urrestilla esate baterako, grabitazio uhinen detekzioari buruzko hitzaldiarekin entzuleak txundituta utzi dituena– eta Zorman youtuberra ere bai; Kimuberri proiektu berritzaileen erakusketa ikusgai dago eta ‘Wolfram deuna’ izeneko umorezko zientzia hitzaldiak entzungai; enpresei zuzendutako barnetegi teknologikoa, eta ‘Ciberbullying: Mitos, preocupaciones y oportunidades’ hitzaldia ere bai.

Gaur arratsaldeko hitzaldiarekin joko dute gailurra jardunaldiek, Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren Europako proiektuaren inguruko hitzaldiarekin. ‘De Bergara –1783– a Lund –2018– ... tres siglos después…’ izenburua du hitzaldiak eta Jose Luis Martinez Peñak emango du. European Spalation Source Bilbao (ESS) erakundeko zuzendari exekutiboa da Martinez eta munduko zientzialari guztien arreta jasotzen ari den proiektuaz aritzeaz gain, opari berezi bat egingo dio ofizialki zientzialariak Laboratorium museoari: ESSk dohaintzan emandako wolfram puruzko pieza bat.

Dagoeneko museoan ondo zainduta dagoen hamar bat zentimetroko pieza pisu honek, eta hitzaldiaren izenburuak, ezin hobeto irudikatzen dute Bergaratik zientziari egin izan zaion ekarpena. Berrehun eta hogeita hamahiru urte dira Errege Seminarioko laborategian aurkikuntza izugarri hura gertatu zela: 1783an Elhuyar anaiek wolframa topatu zuten, elementu kimiko berria, ordura arte ezagutzen ziren hogeita laurei gehitu zitzaiona. Gaur egun 119 elementu kimiko ezagutzen dira unibertsoan, eta munduko hamahiru nazio besterik ez dira izan aurkitzaileak. Bergarako Errege Seminarioari eta Elhuyar anaiei esker, Euskal Herria talde aparteko horretan dago, Frantzia, Erresuma Batua, Suedia eta Estatu Batuekin batera, besteak beste. Espainiari vanadioa aurkitu izana onartzen diote batzuek –beste batzuek Suediak topatu zuela uste dute– eta platinoa 1735ean, gaur egun Kolonbia den lurraldean.



Kontuak kontu, joandako bi mendeotan oso erabilia izan da wolframa, dauzkan ezaugarri bereziengatik, eta gaur egun ere punta-puntako esperimentu zientifikoetan erabiltzen ari dira. Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren Europako proiektuan (Suediako Lund-en) wolframezko 7.000 piezaz baliatuko dira: protoi sorta batek pieza honen kontra talka egitean neutroiak agertzen dira, horixe da espalazioa.

Errege Seminarioan, XVIII mendean hasita, garaian garaiko irakasle eta zientzialari onenak aritu ziren lanean. Atzerriko irakasleak ere etortzen ziren Bergarara, kasu askotan Seminarioaren laborategian eta lorategi botanikoan ikerketan aritzeko. Parisen, Londonen eta Berlinen egiten ziren tresna zientifiko onenak erosten zituen ikastetxeak, hemen erabili ahal izateko, baita munduan zehar bildutako landareak eta harrapatutako animaliak ere. Hala, fisikan, kimikan, biologian, anatomian… prestatzeko modua zuten ikasleek, eta ikerkuntzan aritzekoa irakasleek. Platinozko lehendabiziko lingotea ere Bergarako laboratorioan lortu zen, Pierre François Chabaneau frantziarrak lortu ere. Ordura arte, platinoari ez zitzaion inolako garrantziarik ematen. Alde ederra gaur.



Elena Lete Bergarako alkatea da, eta lotura garbia ikusten du Errege Seminarioaren eta gaurko Laboratoriumen artean. Jesuitek eraiki zuten ikastetxea egungo Bergarako enparantzan, eta 1767ra arte haien ardurapean egon zen, baina Espainiako erregeak jesuitak kanporatu zituenean Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskuetara pasa zen. Garai nahasiak ziren, Euskal Herriko ekonomia eta gizartea ahulaldian zegoen, eta Xabier Maria Munibe buru zuen elkarteak ikastetxea Bergarako Errege Seminario bihurtzea erabaki zuen, «Argien mendean» Europan gertatzen ari ziren berrikuntza eta aurrerapen zientifikoak bertara ekartzeko eta gure herriari bultzada berri bat emateko ezagutzaren, ideien eta ekonomiaren arloetan, heziketaren bidez.

Wolframa aurkitzean, goi-goia jo zuten ikasketa praktikoek eta bilduma zientifikoek. Gaur egun ere, Letek azpimarratu bezala, berrikuntzaren beharrean gaude, berrikuntza da eta gizakion bizi-baldintzak hobetzeko giltzarria.

Horregatik ari dira Hapiick eta Sabbatic egitasmoak aurkezten Laboratoriumeko areto nagusian. Lehenengoa kutxatila adimenduak dira, erosketa elektronikoko bidalketak optimizatzeko tresna, eta bigarrena enpresa-gastuen tiketak automatikoki kudeatzeko programa. Gazteak dira sustatzaileak, eta egitasmo hauek nola finantzatu, asmatu dituzten tresnak nola hobetu eta aberastu, non eta nola saldu… hori guztia dute ardura. Duela berrehun urte ere antzeko buruhausteak izango zituzten Bergarako berritzaileek, nahiz eta tresnak eta produktuak oso bestelakoak izan.

Erakusketa

Tresnak aipatuta, Laboratoriumeko zurezko eskailera ederrak igo eta erakusketa geletara jo behar. Benetako altxorrak daude hemen, baina lan asko egin ondoren jarri ahal izan dira bisitarion begien aurrean tresna hauek, kasu askotan pieza bakarrak direnak. Izan ere, XX. menderako onenak emanda zegoen Errege Seminarioa, eta urte luzez osatutako bildumak eta erositako tresnak egoera negargarrian aurkitzen ziren eraikinaren gela batean zabar pilatuta, bertan 1976an UNED martxan jarri zenean.

Orduko Udalak zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuen, eta saio batzuk egin ziren, baina emaitzarik gabe. Egoera okerragoa zen urtetik urtera, eta 1991ean Udalak talde tekniko bat prestatzea erabaki zuen, konponbidea bilatzeko. Ordutik hona, etengabeko lana izan da ehunka pieza argitara ateratzea, garbitzea, zaharberritzea eta dokumentatzea. Izan ere, gaur egungo museo zientifiko batean erakusteko ez da nahikoa piezak txukun edukitzea, baizik eta tresna bakoitzaren nondik norakoak jakitea eta egoki azaltzea. Kontuan izan behar da, gainera, Laboratoriumen ez dauzkatela soilik zientzia-tresnak, baizik eta Ozeania, Asia zein Ameriketako animalia disekatu asko –balea baten eskeleto osoa ere bai– eta anatomiako piezak. Bakoitzak berariazko tratamendua eskatu du.

Horiek denak zaharberrituta, bilduma aparta osatu da, paregabea, bai antzinatasunagatik bai gordetzen dituen tresnen berezitasunagatik. Fondoak dituen hiru mila piezatatik zati txiki bat baino ez dago ikusgai Errekalde jauregian, baina arte-lanen pareko balioa dute. Erakusketak alderdi didaktiko garrantzitsua du, eta gida aparta: Fausto Elhuyar birtuala, haren ahotsak laguntzen baitio bisitariari txangoan zehar. Gaur egungo zientzialari askoren adierazpenak ere entzun daitezke, horretarako prestatutako monitoreetan. Are gehiago, eskola garaietan gutako askorentzat gorrotagarria izatera iritsi zen Elementuen Taula Periodikoa ere erakargarri bihurtzea lortu dute, ukimenezko pantailaren bidez. Sakatu «kobre» adibidez, eta elementu hori zertarako erabiltzen den azalduko da monitorean. Edo sodioa. Edo wolframa, jakina.