NAIZ
DONOSTIA

Espainiar Estatua bakea lortzeko aukerak «lehertu nahian» dabilela salatu du Sortuk

Sortuk Altsasuko zazpi gazteen askatasuna aldarrikatu du eta haien senideei «elkartasun osoa» adierazi nahi izan die. «Estatuaren operazio» bezala definitu ditu atxiloketak eta, honen aurrean, eragile sindikal, sozial eta politikoekin gaia landuko duela iragarri du.

Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrgiuez, Donostian egin duten agerraldian. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrgiuez, Donostian egin duten agerraldian. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

«Altsasuko operazioak eta beste hainbatek zeri erantzuten diote? Espainiar Estatua herri hau bakearen eta konponbidearen alde egiten ari den apustua lehertu nahian dabil», salatu dute Sortuko Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezek Donostian egindako agerraldian. «Eraso iraunkor batean murgilduta dago, konponbide justu eta iraunkorra ezinezkoa egin asmoz», gehitu dute.

Atxiloketa eta espetxeratze hauen aurrean, «elkartasun osoa» adierazi nahi izan diete senideei eta Sakanako herriari, atxilotuak askatzeko exijitzearekin batera.

ETAk borroka behin betiko utzi ostean, amaiera ordenatu bat ekiditeko urrats guztiak «boikoteatzea» leporatu dio Estatuari, eta ildo horretan kokatu ditu bai Altsasuko gertaerak bai Mikel Irastorzaren atxiloketa ere.

Sortuk kontaktu erronda bat abiatuko du eragile sozial, sindikal eta politikoekin Altsasuko zazpi gazteren espetxeratzea eta Guardia Zibilaren operazioaren inguruko gogoetak elkarbanatzeko.