Fidel Castro «erreferentzia saihestezina» dela nabarmendu dute EH Bilduk eta LABek

Euskal Herrian ere izan dira dolumin mezuak Fidel Castroren heriotzaren aurrean. EH Bilduk eta LABek lider kubatarra «erreferentzia saihestezina» izan dela azpimarratu dute.

NAIZ|BILBO|2016/11/26 16:15
Fidel-1970
Fidel Castro, 1970. urtean eginiko diskurtso batean. (AFP)

Ohar batean bidez, EH Bilduk elkartasuna eta doluminak adierazi dizkie Kubako herriari eta Fidel Castroren sendiari lider kubatarraren heriotzaren aurrean.

«Munduko historia hurbilean pertsonaia esanguratsua da Fidel Castro eta mundu mailan urte askoan gogoratua izango da», adierazi du koalizioak.

Era berean, EH Bilduk azpimarratu du «mundu hobea eraiki dugunontzat erreferentzia saihestezina» dela Castro.

Arnaldo Otegik ere sare sozialetan goraipatu du Fidel Castroren erreferentzialtasuna. Gainera, jakinazi duenez, gutun bat bidali dio Kubako enbaxadari, Castroren heriotzarengatik dolumina adieraziz.

Ildo horretan ere mintzatu da LAB sindikatua, Fidel Castro «munduko iraultzaile guztiontzat inspirazio bat» izan dela nabarmenduz, «lider iraultzailearen erreferentzia bere herriarekin batera inperialismoari aurre egiten ziona bere herriaren alde dena ematen zuen iraultzaile baten duintasunarekin».

«Bere garaia eta historiaren joan etorriak inork baino hobeto ulertzen jakin zuen pertsona batez ari gara solasean», adierazi du LABek.

Sindikatu abertzalearen aburuz, «Fidelek utopia posible dela erakutsi digu, bai Kuban eta bai mundu osoan ere».

«Eskerrik asko, Fidel, zure borroka adibidearengatik, gorputz eta ariman aritzeagatik, zure elkartasun internazionalistarengatik… eta beste hainbat gauzengatik», adierazi du, bere aldetik, Euskadi-Cuba Elkarteak.

«Zure egintza, ideiak eta legatuak, mundu libreago, justuago, berdintsuago eta gizatiarrago baten alde borrokan jarraituko duten datozen belaunaldiengan betirako bizi iraungo du», gaineratu dute.

Euskadi-Cubak, Askapenak, Komite Internazionalistak, Desembarco del Granmak eta Sierra Maestra kolektiboak deituta, jendetza bildu da Arriaga plazan, Fidel Castro omentzeko.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK