Bihar, abenduak 3, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta PuntuEUS fundazioak bi urte beteko ditu. Honekin batera, bi zerbitzu berri iragarri ditu. Biak ala biak kode irekian garatu dira, nahi duen orok eskuragarri izan dezan.
Labur.eus zerbitzua estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua izango da. «Url luzeak helbide motz eta erraz bihurtzea» du helburu, ohar baten bidez azaldu dutenez. «Tresna honi esker helbide zail eta luzeak gogorarazteko erraz bihurtzen ditu. Gainera, erabiltzaileak sortutako url laburren historia kontsultatzeko aukera eskaintzen du».
Bestetik, whois.eus-ek webgune edo domeinuei buruzko informazioa eskuratzeko aukera emanen du. «Webgunea aitzindaria da kontsulten bidez eskuratutako informazioa modu egituratu batean bistaratzen», gehitu dute.
.EUS domeinua jaio zenetik, 6.100 enpresa, erakunde eta norbanakok erregistratu dituzte haien webguneak domeinu honekin. Eta biharko egunari begira, eskaintza berezia iragarri dute, domeinua 9,95 eurotan eskuratzeko aukera eskainiz.