NAIZ

Alex Txikonek bukatutzat eman du Everesteko espedizioa

Alex Txikonek bukatutzat eman du Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko saiakera eta gaur goizean oinarrizko kanpalekura itzuli da.

Alex Txikonen espedizioaren une bat. (@AlexTxikon)
Alex Txikonen espedizioaren une bat. (@AlexTxikon)

Munduko gailurra neguan eta oxigenorik gabe igotzeko saiakera amaitutzat eman du Alex Txikonek gaur goizean, bere taldeak jakinarazi duenez.

Lemoaztarra bigarren kanpalekuan zegoen eta egun bat itxaron du laugarren kanpalekurako (8.000 metrora) bideari ekin aurretik, baina azkenean behera jaistea erabaki du. Azken 48 orduotan eguraldiak ez die lagundu, haizete haundiak izan dituzte eta tenperaturak zero azpitik 40 gradu ingurukoak izan dira. Datozen orduotarako iragarpenek eguraldiak okerrera egingo duela aurreikusten dute eta, hortaz, 2. kanpalekutik oinarrizkora jaistea erabaki du. «Benetako suizidioa izango zatekeen aurrera jarraitzea», adierazi die Txikonek satelite bidezko telefonoz antolakuntzako kideei. «Espedizioko arduradun gisa, ezin dut arriskuan jarri nire espediziokideen eta nire bizia», nabarmendu du.

Mendizale bizkaitarrak esan duenez, «Everestek hor jarraituko du eta aukera gehiago izango dira; itzuliko naiz berriro».

Txikon Euskal Herrian goizeko lehen ordua zela iritsi da beheko kanpalekura eta, horrenbestez, bukatutzat eman du abenduaren 25ean abiatu zuen espedizioa. Datozen egunotan Katmandura joango da eta han atseden egun batzuk hartuko ditu. Datorren aste erdialderako Euskal Herrira itzultzea espero da.