Nafarrek ez dute Korrikaren lekukoa askatzerik nahi

Nafarren artean jarraituko du larunbat honetan Korrikaren lekukoak. Erribera atzean utzi eta Tafalla aldean sartuko da berriz euskararen aldeko ekimena, egunaren amaierarekin batera Ipar Euskal Herrian barrena sartzeko bidea hartuz.

NAIZ|2017/04/01 11:15
0401_korrika_1
Nafarroak barrena jarraituko du Korrikak. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Erribera atzean utzi eta Tafalla aldean sartuko da berriz Korrika larunbat goiz honetan, Martzillatik. Bertan, besteak beste, Faltsez, Azkoien eta Zarrakazteluko herritarrek euskararen aldeko ekimenean parte hartzeko beta izango dute, 20. Korrika ez baita euren herrietatik igaroko.

Beirera iristean, urte luzetan zehar Korrikaren laguntzaile fina izan den Karlos omenduko dute, duela hilabete batzuk hil baitzen.

Erriberin, besteak beste, euskara ikasleen eskuetatik igaro ostean, Tafallara helduko da lekukoa. Zonaldean 65 kilometro egingo ditu, Orbaibarrera abiatu aurretik; aspaldian ez da Korrika bertatik igaro.

Bazkalostean Zangoza aldea egingo du salto lekukoak, Eslabatik sartuta. Oibar, Agoitz, Zangoza... jendetza espero da bertan, eta kilometroak bikoiztu egin behar izan dituzte.

20.00ak pasatxoan helduko da Korrika Pirinioetara, larunbat gaua eta igande goiza bertan emateko. Bertan igaroko ditu Korrikak zonalderik altuenak, harik eta igande goizeko 10.00ak inguruan Ipar Euskal Herriko lurretara sartuko den Arnegitik barrena.

Jarraitu Korrikaren nondik-norako guztiak NAIZen webgune berezian.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK