NAIZ

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean saltoka Korrika, azken txanpan

Azken orduetan sartuta dago Korrika, igandean Iruñean helmuga harrapatu baino lehen. Gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ibili da saltoka.

Amurrioar andana, Korrikarekin bat. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Amurrioar andana, Korrikarekin bat. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Euskararen aldeko lasterketa Arabara Gorbeialdetik sartu da 4:00ak aldera. Araiako eskualdera Barrerilla mendatetik murgildu da eta bertan agertu da Korrikaren aspaldiko ezagun bat: Spiderman korrikalari ezaguna, 35-40 kilometro egiteko helburuarekin.

Laudion une bereziak bizi dira eguerdian. Besteak beste, Iñigo Cabacasen omenezko kilometroa egin du Iñigo gogoan elkarteak. Araba utzita, Hego Uribek hartu du lekukoa. Korrika ederra bezain zorragarria da eta helmugara iritsi bitarte asko dira bitxikeriak. Horien artean suhiltzaileak aurkitzen dira. Basauriko suhiltzaileak kamioi eta guzti azaldu dira.

Hego Uribetik Durangaldera igaro da Korrika 17.00ak aldera, Zornotzatik. Azpimarratzekoa da Durango 1936 Kultur Elkarteko kidea den 80 urteko emakume batek izan duela lekukoa eskuetan. Ondoren, Berrizen izan dira korrikalariak; horien artean 100 urteko emakume bat espero zuten.

22.45 aldera Bizkatik Gipuzkoara pasako da Korrika. Eibar izango da lehenengo herria, eta hor Eibarko futbol taldeko atezainak eta emakume taldeko kapitainak hartuko dute lekukoa. Debabarrena eskualdean adierazgarria da 6 kilometro eta 300 metroko ibilbidean zehar 36 eragilek hartuko dutela parte. Soraluze eta Bergaratik, Urola Garaira helduko da Korrika, larunbat goizaldean.

Goierrin Ezkiotik Legorreta bitarte izango da lekukoa tipi-tapa. Hortik, Tolosaldera pasako da, Ikaztegietan hain zuzen. Abaltzisketa eta Amezketako herrietako ilusioa batuta. Goierrira berriro itzuli aurreko jomuga Larraitz izango da, larunbat goizeko 06:19an.