NAIZ

Iñigo Urkullu: «Gaur ez da ezer hasten, ezta bukatzen ere»

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, ETAren armagabetzearekin egiaztatzen den «funtsezko gertaera da armak klandestinatearen eremutik legaltasunaren eremura pasa direla». Erakundearen biktimak izan ditu gogoan Donostian egin duen agerraldian eta gaur ez dela «ezer hasten, ezta bukatzen ere» nabarmendu du.

Beltrán de Heredia, Manikkalingam, Urkullu eta Erkoreka. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Beltrán de Heredia, Manikkalingam, Urkullu eta Erkoreka. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Epikatik etikara’ izenburua duen adierazpena irakurri du Iñigo Urkullu lehendakariak Donostian, Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko bozeramailea alboan zuela.

Urkulluren iritziz, ETAren armagabetzearekin egiaztatzen den «funtsezko gertaera da armak klandestinatearen eremutik legaltasunaren eremura pasa direla». Eta armagabetzearen esanahi «etiko nagusia» zera da: «Behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar».

Bere gobernuak armagabetzea «bideragarria, legezkoa, aldebakarra, osoa eta ordaindik gabea» izan zedin lan egin duela nabarmendu du eta Gobernu espainiarrarekin, agintari frantsesekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin «koordinatuta» egon dela erantsi du. Azken erakunde honi espreski eskerrak eman dizkio.

Lehendakariak adierazi duenez, armagabetzearen egiaztapena «funtsezko urratsa da indarkeriaren amaiera ordenatuaren eta ETAren desagertzearen prozesuan», eta horregatik «gaur ez da ezer hasten ezta bukatzen ere». «Bizikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain eszenategi hobe batean».