NAIZ
BAIONA

Hegaztien hilketa eragotzi dute laborariek Gabadi, Barkoxe eta Domintxainen

Barkoxe, Gabadi eta Domintxaineko hiru etxaldetan bildu dira laborari, herritar eta hainbat hautetsi gaur goizeko lehen ordutik, bertako hegaztien hilketa eragozteko asmoz. Polizia ere bertaratu da, blokeoa hausteko asmotan, eta Gabadin kargatu egin du, negarra eragiteko gasa jaurtiz. Hala ere, atzera egin behar izan dute berriro.

Negarra eragiteko gasa jaurti dute poliziek Gabadin. (ELB)
Negarra eragiteko gasa jaurti dute poliziek Gabadin. (ELB)

ELB sindikatuak jakinarazi duenaren arabera, Barkoxen 350 lagun inguru bildu dira, Gabadin 200 eta Domintxainen beste 200, hiru etxaldetan ahateak eta oiloak hil ditzaten eragozteko. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko agintariek emana dute agindua hegaztiak hiltzeko, hegazti-gripearen hedapena geratzeko asmoz.

Goizeko lehen ordutik, laborari, hautetsi eta herritarrek hiru etxaldeetako sarrerak blokeatu dituzte, Poliziari eta osasun zerbitzuetako sanitarioei sarrera oztopatzeko.

CRSak Gabadin bildutakoen aurka oldartu dira, negarra eragiteko gasak jaurtiz, baina jendeak berriro aurre egin die.

Azkenean, poliziek eta estatuaren ordezkariek alde egin behar izan dute hiru tokietatik, hegaztiak hiltzeko asmoa bertan behera utzita. Gaur ez direla berriro itzuliko adierazi diete laborariei, baina ez dakite bihar zer gertatuko den.

Hilaren 15ean ere izan ziren

Joan zen larunbatean ere bertaratu ziren hegaztiak hiltzeko asmoz Gabadi, Barkoxe eta Domintxinera, baina laborarien mobilizazioak eragotzi egin zuen.

ELB sindikatuak izurritea hasi zenetik kezka agertu du hegazti sanoak hil nahi dituztelako, eta horren aurka agertu da, konponbide antzu bat dela argudiatuta. Jean-Louis Prebende Gabadiko auzapeza ere kexu mintzatu da polizien jarreraz Euskal Irratietan: «Bortizki jokatzea holako gauza batendako harrigarria da. Bortxaz nahi izan dute pasatu Euskal Herriko hautetsi anda batek sustengatu dituztenean hiru etxaldeak». Toki berean izan da Isabelle Pargade departamenduko kontseilaria, Kazetak jaso duenez.

Prefetaren salaketa

Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri du hegaztien hilketa oztopatu duten etxaldeen aurka salaketa jartzea aztertzen ari dela.