NAIZ
DONOSTIA

Eremu soziolinguistiko oso desberdinetako gazteak, elkarrekin udalekuetan

Lakuako Gobernuak, Eudel eta Uemarekin elkarlanean, ‘Mingaina dantzan’ izeneko udalekuak jarriko ditu martxan, zenbait egunez eremu soziolinguistiko oso euskaldunetako gazteak euskarak pisu gutxiago duen zonaldeetako gazteekin bilduko dituena. Proiektu pilotu honetatik aterako diren ondorioak erabilera sustatzeko estrategien garapenerako baliogarriak izatea espero dute.

Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dute ‘Mingaina dantzan’ proiektua. (IREKIA)
Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dute ‘Mingaina dantzan’ proiektua. (IREKIA)

Donostiako Miramar Jauregian egin dute ‘Mingaina dantzan’ proiektu pilotuaren aurkezpena. Ekimen honekin, euskarari lotutako udaleku erakargarri batzuk sustatu nahi dituzte eta erabileran eragiteko baliogarriak izan daitezkeen tresnen inguruan ikerketa egingo dute.

Udaleku hauetan, eremu soziolinguistiko desberdinetako gazteak elkarrekin egongo dira: oso euskaldunak diren zonaldeetakoak euskarak pisu gutxiago duen eremuetako gazteekin batera biziko dira zenbait egunez.

Ekimen hau bi txandatan garatuko da: lehena, Mundakako aterpetxean izango da, uztailaren 3tik 12ra arte. Guztira 12 eta 14 urte bitarteko 30 lagun izango dira, Azpeitia, Zumaia eta Barakaldoko ikastegietatik etorritakoak. Bigarren udalekua, Kortezubiko Baratze aterpetxean egingo da, uztailaren 21etik 30era arte eta, honetan ere, 30 lagunek hartuko dute parte, Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizko ikastetxeetatik etorritakoak.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, udaleku erakargarriak diseinatu dira eta esperientzia baliatuko da erabileran eragiteko tresnen balioa ikertzeko: «Euskal hiztunen ezaugarriak zeharo aldatu dira eta erabileran eragiteko lehen balio zuenak gaur ez du balio. Erabileran aurrerapausoak emateko ahalmena egon daitekeela uste dugu, batez ere gazteen artean, haien ezagutza altua baita. Dena den, erabileran eragin dezaketen politikak diseinatzeko orduan asmatu egin behar dugu. ‘Mingaina dantzan’ proiektua oso eraginkorra izan daiteke horretarako».

Eudeleko ordezkariak aisialdiko programa pilotu honen balioa azpimarratu du eta emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa adierazi du. Uemako ordezkariak erakunde honetan dauden udalen errealitate soziolinguistikoaz hitz egin du eta proiektu honen ondorioak aintzat hartuko dituztela esan du.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 60.000 euro bideratu ditu aurten ekimen honetara.