NAIZ

Hauteslekuetara gerturatu dira kultur, kirol edo politika arloko hainbat aurpegi ezagun

Gure Esku Dago mugimenduak izaera inklusiboa du, eta horren erakusle da igande honetan Euskal Herriko 52 herritan zehar egiten ari diren ariketa demokratikora batu den aurpegi aniztasuna. Izan kultur, kirol edo politika munduko ilustrea, hautetsontziekin izan dute zita guztiek.

Igor Elortza, Durangon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Igor Elortza, Durangon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Hamaika aurpegi ezagun gerturatu dira igande honetan hautetsontzietan botoa pausatzera Gure Esku Dago mugimenduak hauspotu dituen galdeketei erantzunez. Hala, kultur, kirol edo politika arloko pertsonaia ilustre asko ikusi ahal izan ditugu igande honetan zehar Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzen.

Zelai Nikolas mugimenduaren bozeramailea izan da lehenetarikoa botoa pausatzen, eta haren ondotik gerturatu dira hautetsontzietara Anari musikaria, Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariak, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria edo Eñaut Elorrieta musikaria.

Hauteslekuetan ikusi ditugu halaber Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre EH Bilduko kideak; Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Arantza Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburua, guztiak EAJkoak. Neskutz Rodriguez Podemos-Ahal Duguko batzarkidea –mahai batean– eta Pili Zabala alderdi bereko legebiltzarkidea ere botoa ematen izan dira.

Iban Garate eta Iolanda Alzola aurkezleek ere ez dute hautetsontziekin hutsik egin, ezta Eibarko entrenatzaile Jose Luis Mendilibar edo Realeko jokalari Markel Bergarak ere, beste milaka herritar anonimoren artean.