@gara_miantzi

Klase guztietako bortziritarrak, hunkituta bozka ematen

Ilusioa da bortziritarren ahotan gehien errepikatzen den hitza. «Hau pauso bat gehiago da erabakitzeko eskubidearen bidean, herritarren ahalduntzean. Ongi dago ohitura hartzea. Gure iritziek badute eragina; gure erabakiengatik mugitzen dira hainbat gauza. Horregatik bakarrik merezi du», adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak bozkatu aitzinetik.

Hiru generazio, elkarrekin Arantzan. (@gara_miantzi)
Hiru generazio, elkarrekin Arantzan. (@gara_miantzi)

Hautetsontziak zaintzen ari diren herritarrek kontatu digute aurre-bozketetan jada 200 lagunek parte hartu dutela eta iritzia ematera 3.165 lagun deituak dauden herrian kopuru polita da hori. Gaur ere ari da jendea hurbiltzen, giro onean eta eguraldi ederrarekin. Bitxikeria gisa, korpus eguna dela-eta iratzez eta lorez apainduta daude kaleak eta hortsentsia artean dabiltza herritarrak erabakitzen.

Lesakan ere bai. 2.305 biztanlek dute bertan horretarako aukera. Matixa Oteiza Oninart-eko langileak diseinatu du Bortziri osoan zabaldu den E18 logoa. Ilusio handiz ari da antolaketa lanetan. Ahizpa ibili zen komunikazio lanetan Argentinara joan aitzinetik eta Matixak lekukoa hartu dio. «Herri guzia gaude pixka bat emozionatuta –aitortu du gazteak–. Kanpoan egiten zela ikusten genuen baina ez genuen espero hemen ere lortzea. Imajinatuko ez genukeen jendea ere parte hartzen ikusten dugu».

Jada eman du bozka, «sekulako ilusioz». «Uste dut ez garela oraindik hagitz kontziente hau gertatzen ari dela. Emozioa eta gogo handia sentitzen dut hemendik zerbait ateratzeko eta jende pila batek parte hartzeko».

Etxez etxe ibili dira informazioa ematen. Txirrina jo eta bizilagunei erabakitzeko aukera honen berri eman diete. Denengana iristen saiatu dira, baina halere badakite badela enteratu ez denik.

Pilota partidak, txistularia, pintxoak trikitixa giroan, haur jokoak… Egitarau oparoa prestatu dute Lesakan. Etxalarren, berriz, ez da horren beharrik izan, Haurren Eguna izanik jada segurtatua zegoelako animazioa. Frontoia txikiz beteta dago, denak nahiko txintxo aulkietan jarrita, ipuin kontalariari aditzen. Handik hagitz hurbil, etxe partikular baten bajeran kokatu dute hautetsontzia. Irati Lujua Etxenike da lanean ari den bolondresetako bat eta egin duten ibilbidea kontatu digu. Lesakan bezala etxez etxe ibili dira informazioa zabaltzen eta kasu honetan, herri ttikiagoa izanik (660 lagunek dute bozkatzeko aukera), guztiengana ailegatu dira.

Aurrebozketak egin dituzte hemen ere, baina arratsalde batez bakarrik. Kantu afaria ere antolatu zuten eta bideo bat grabatu zuten herriko eragileekin jendea animatzeko, Bortziri mailan egindako bideoklipean parte hartzeaz gain. Ekimen hauei esker herritar aunitzek bat egin dute eta azkenean talde polita sortu da, «abiatzea kosta zen arren».

Gaurko eguna ongi doa. Ipuin kontalaria bukatuta haur guziak kalejiran pasatuko dira eta gero frontoian bazkalduko dute. Arratsaldean triki poteoa izanen da.

Arantzari buruz zer erran. Parte hartze datuetan ikusten den bezala, puntan dago. Jende pila bat ari da parte hartzen, klase guztietakoa, eta kontent daude antolatzaileak. Bederatzietan hautetsontziak ireki eta lehendabiziko botoa familia bereko hiru belaunaldik eman dute elkarrekin, Inaxi, Gabina eta Itxarok. Geroago, Iban Zugarramurdi Esne Beltzako bateria joleak bozkatu du bere hiru anaiekin, eta ondotik Antton Maiz pilotariak.

Kalejira egin dute trikitilariekin eta Arantzako dantza gero, parte-hartzaileetako batek arnasestuka eta pozarren kontatu digunez. Arratsaldean herri kirolak, dantzaldia, pilota eta Bortzirietako azken ekitaldia izanen dira.

Igantzin ere pozarren daude parte-hartzearekin. Goizetik hurbildu da jendea, hasieran helduak batez ere eta orduek aitzinera egin ahala gazteak. Kontatu digute arazo informatikoren bat izan dutela baina jada konpondu dutela eta martxan dela dena. Goizean Guardia Zibila bueltaka ibili bada ere, ez da deus pasatu.

Gaiteroak ibili dira karrikak alaitzen, baita kankailu eta buruhandiak ere. Arratsaldean opil jatea eginen dute trikitilariekin.