NAIZ

2013tik kalean zegoen Liher Aretxabaleta preso ohia Audientzia Nazionalean epaituko dute

Liher Aretxabaleta, Bilboko Alde Zaharreko bizilaguna, Audientzia Nazionalean epaituko dute ekainaren 28 eta 29an. Sei urteko espetxe zigorra bete ondoren, 2013ko urtarrilean aske geratu zen. «Liher auzoan eta libre» dinamikaren izenean epaiketa honek «gatazkaren konponbidearen bidean beste kolpe bat» suposatzen duela salatu dute agerraldi batean.

«Liher auzoan eta libre» aldarrikatzeko agerraldia egin dute Bilboko La Bolsa eraikinean.
«Liher auzoan eta libre» aldarrikatzeko agerraldia egin dute Bilboko La Bolsa eraikinean.

Bilboko Alde Zaharreko auzokidea den Liher Aretxabaletaren kontrako epaiketa salatzeko agerraldi jendetsua egin dute La Bolsa eraikinean. Aretxabaletak sei urteko espetxe zigorra beteta dauka. Izan ere, Estatu frantsesean atxilotu zuten 2007an eta Fresnes, Soto del Real eta Ocañako espetxeetatik igaro ostean 2013an aske geratu zen.

Ekainaren 28 eta 29an Madrileko Audientzia Nazionalean epaitua izango da beren kontrako beste auzi batengatik. Egun horietan elkarretaratzeak egingo dituzte Alde Zaharreko Etxebarrieta plazan arratsaldeko 20.00etan.

«Liher auzoan eta libre» dinamikarentzat, epaiketa honek «gatazkaren konponbidearen bidean beste kolpe bat» suposatzen du.

«Euskal Herriak nahi eta desira duen bake eskenatoki bat lortzeko bidean beste traba bat da, bakea egonkortzeko bidean beste atzera pauso bat. Liherren kontrako epaiketak iraganean kokatutako mendeku politika bateri erantzuten dion Estatu espainiarraren estrategia errepresiboaren baitan kokatzen dugu, Euskal Herrian bake eskenatokiak oztopatzeko helburua jarraitzen duena», salatu dute agerraldian.

«Estatu espainiarrak garaile-garaitu eskeman kokatu nahi du gatazkaren konponbidea, bake eta normalizazio politikoaren helburuen aurrean antzinako gerra eskema gailenduz eta gatazkaren konponbidean aurrera pausoak emateko haien borondate eza azaleratuz», gaineratu dute. 

«Liher auzoan eta libre» dinamikatik nabarmendu dutenez, «batasun politiko eta soziala beharrezkoa» da «blokeo» egoera hau gainditzeko eta kaleak aldarriz betetzeko deia egin dute «bake eskenatokiak defendatu eta estatuen jarrera errepresiboa» salatzeko.