«Ez duzu topatuko talde baten neska bat gaizki kantatzen duena»

Oholtzan protagonista diren bost emakumek rock munduan diren ezberdintasunak eta matxismoaren ondorioak izan dituzte hizpide. Adibide zehatzak emanez, gizona izan edo emakumea izan eskenatokian izan ohi duten exigentzia maila ezberdina izan dute hizpide eta musika jaialdi gehienetan izan ohi den emakumeen presentzia eskasa.

@iontelleria|Lakuntza|2017/07/29 15:05
Loading player...

Hatortxu Rocken baitan NAIZ guneko bigarren ekimen nagusia rockaz eta emakumeaz izan da eta oholtzan aski ezagunak diren bost musikarik landu dute hizpidea. Maria Rivero, Huntza taldeko Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz eta Hesianeko Zuriñe Hidalgo eta Ane Bastida izan dira Ariane Kamio NAIZeko kazetariak gidatutako mahai inguruan.

«Presio handia bizi dugu emakumeok, bikoitza demostratu behar dugulako eskenatoki gainean», Ane Bastida baxujolearen iritziz. Hariari segiz Ariane Kamiok galdetu die ia emakumeak erdipurdi aritzeko eskubiderik ez ote duen, Uxue Amonarrizek erantzuna, «nire ustez ez, ez duzu aurkituko talde baten neska bat gaizki kantatzen duena».

Alderatze horrek beste hamaika esparrutan ere badu isla, kontzertu batean zehar edo honen ostean jasotako komentarioetan, adibidez. «Gaur agian gona motzegia, ezta?» galdetu izan omen diote Bastidari eta «kontuz! kuleroak ikusten zaizkizu» Maria Riverori, «gizonezko baxujolea kantzontziloak agerian zituela ari zenean jotzen, hari inork ez zion ezer esan».

Musika oholtzetan emakumeen presentzia eskasaz galdera Josune Arakistainek egin du, kasu honetan trikiti mundua abiapuntu. «Herrietan, erromerietan... trikitiliari asko emakumezkoak dira baina gero oholtzetara, ezagunak izatera, gizonezkoak iristen dira...».

Desoreka hori are nabarmenagoa izan ohi da musika jaialdi handietan, Maria Riverok Taupakan egin zuten azterketa ekarri du gogora, «aztertu genuen emakumeen parte hartzea jaialdietan eta %2 edo %5 inguruan izan ohi dira». Gabezia hau nabarmentzeak batzutan kritika gogorrak ere izaten dituela esan du Riverok eta horri aurre egiteko emakumeen arteko elkarlana eta komunikazioa aldarrikatu ditu, «gauzak ez dira berez aldatuko, gizonek ez dute esango ‘nire pribilegioak utziko ditut’». Gaurkoa bezalako mahai inguruak eta jaialdietan presentzia areagotzeko ekimenak begi onez ikusten ditu Riverok, «baina ez dira nahikoa, errotik aldatu beharreko egoera bat da».

Gaurkoan ere NAIZ gunea jendez lepo izan da hitzaldirako eta amaieran bertaratuek galderak egiteko aukera izan dute. Neska batek gizonen paperaz galdetu du eta Riverok erantzun «entzuten ikasi behar dute», bertaratutako mutilei begira esan die «zuek ez dakizue zer gertatzen den, utzi antolatzen eta izan aliatuak, baina entzun eta utzi guri antolatzen».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK