Mezua ozen Hatortxu Rocketik: «Nahikoa da... etxera!»

Milaka lagun bildu dira Lakuntzan Hatortxu Rocki agur esaten hasteko. Musikak beharrean, ekitaldi politikoak hartu du oholtza nagusia eta ozen aldarrikatu dute bertatik: «Nahikoa da... etxera!».

NAIZ|LAKUNTZA|2017/07/30 14:05|0 iruzkin
Loading player...

Joan dira hiru egun, eta pixkanaka bere amaierara iristen ari da Hatortxu Rock elkartasun jaialdia. Igande eguerdi honetan musika doinuek atsedena hartu dute, irakurketa politikoari txanda emateko.

Endika Alonso ekimeneko antolatzaileetako batek hartu du lehenengo hitza. Ekimenaren edizio guztietan aritu da lanean Alonso, eta egindako lana, horretan jarraitzeko beharra eta duela 20 urte hasi zirenetik gaur arte eginikoa azpimarratu ditu: «Frontoi batean hasi ginen, lau katu, eta begira zer egitera iritsi garen».

«Azken egunetan albiste izan gara, baina ez dira hauek guk sortu nahi ditugun berriak, honako hauek baizik», adierazi du, GARA egunkariaren bi azal erakutsi aurretik. Batean, «Azken presoa espetxetik atera da» irakurri zitekeen, eta bestean «Hatortxu Rock desaparece tras la salida del último preso».

Alonsoren ostean Etxerat elkarteko bi kide taularatu dira, pertsona heldu bat eta 17 urteko gazte bat. Hauek urrunketak eragiten dituen kalteak nabarmendu dituzte, Kukai dantza taldeko kideen interpretazio baten laguntzaz.

Nazioarteko ordezkaritzarik ere izan da ekitaldian. Palestina eta Irlandatik gerturatu dira Lakuntzara. Irlanda, Kolonbia, Palestina eta Euskal Herriko preso politikoen kaleratze prozesuei buruz hitz egin dute, eta euskal presoei animo mezuak bidaltzeko beta hartu dute: «Bukatu behingoz urrunketarekin. Nahikoa da, denak etxera!».

Mertxe Txibitek EPPK-ren ondorioen inguruko hausnarketa egin du. Adierazi du kolektiboko kideak prozesu independentistaren mesedetan jardungo duela, eta bere kideek horretan diharduten eragile eta kolektiboekin elkarlanean jardutea bilatuko dutela, «militante bat gehiago bezala, ez protagonismotik, kartzelak jartzen dizkiguten oztopoek uzten diguten neurrian».

Kenzazpi taldearen «Askatasun oihu bat» abestiarekin amaitu da ekitaldia. Hatortxuk, baina, jarraitu egingo du, ez du oraino agurrik esan. Arratsalde bat geratzen da oraino, eta ikusi beharko da hurrengo urtean ekitaldia antolatzeko beharrik dagoen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK