NAIZ
IRUÑEA

Hatortxu Rock: «Elkarlanean gauza ikusgarriak lor ditzakegula erakutsi dugu beste behin»

Pasa berri den Hatortxu Rock jaialdiaren 20. edizioaren inguruko balorazio «oso ona» egin dute antolatzaileek, guztia aurrera ateratzeko eginiko elkarlana bereziki azpimarratuz. «Auzolanaren bitartez edozertarako gai gara», adierazi dute, lanean jarraitzeko asmoa berretsiz.

Milaka lagun bildu ditu egunero Hatortxuk Lakuntzan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Milaka lagun bildu ditu egunero Hatortxuk Lakuntzan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, 20. edizioaren balorazio «oso positiboa» egin dute Hatortxu Rockeko antolatzaileek. «Ahaztezina izango zela esan genuen, eta ahaztezina egin dugu. Denon artean egingo genuela esan genuen eta denon artean egin dugu. Etxerako bidea eraikiko genuela esan dugu eta etxerako bidea eraiki dugu. Eta eraikitzen jarraituko dugu», azaldu dute.

Lakuntzako herriari eta bizilagunei eskerrak eman ondoren bi kezka nagusi adierazi dituzte: alde batetik, garbitasunari dagokiona, akanpalekua «zabortegi handi baten antzera» geratu baita. Boluntarioek eginiko lanari esker lursaila garbi itzuliko duten arren, gogoeta bat plazaratu nahi izan dute: «Etorkizunean herri hau eraiki nahi baldin badugu, ingurugiroa zaindu beharra daukagu. Errespetuak balore garrantzitsua izan behar du eta bai natura zein albokoa zaintzea ezinbestekoa izanen da. Akanpalekuak edo parkina ezin dira horrela utzi».

Eraso sexistak

Bestetik, jaialdiaren antolatzaileak haserre agertu dira salatu diren intentsitate baxuko hainbat eraso sexistengatik eta baita gertatutako eraso lesbofoboarengatik. Bakar bat gehiegizkoa litzatekeela nabarmendu ondoren, jakinarazi dute eraso horiengatik bi pertsona kaleratu zituztela jaialditik. «Hatortxu Rock denontzako esparru seguru izatea nahi dugu eta, beraz, ez zarete ongi etorriak. Izan argi parean izango gaituzuela. Eraso hauen berri salaketa laguntza telefonora jo zutelako egin genuen. Honek ez du esan nahi eraso gehiagorik egon ez denik. Gizarte guztiaren ardura da emakumeek pairatzen dituzten eraso sexistekin amaitzea», nabarmendu dute.

Aldiz, orokorrean jaialdiaren balorazio «oso ona» egin dute, egunero milaka pertsona bildu baitira Lakuntzan eta bai kontzertuetan zein gainerako jardueretan jende ugarik hartu baitu parte.

Elkarlana

Edizio hau aurrera ateratzeko egindako auzolan erraldoia ere balioan jarri dute. «Askotan eztabaida zoroetan galtzen gara gure artean eta, aldiz, elkarlanean aritzen garenenan gauza ikusgarriak lor ditzakegula erakutsi dugu beste behin».

«Garaipen sentimendu handi batekin bukatu genuen Hatortxu Rock 20, baina Kepa del Hoyo euskal preso politikoaren heriotzak erakutsi digu dena dagoela egiteko. Ez dugula galtzeko betarik», ohartarazi dute.

Txandak beteta

Auzolanaren bitartez «edozertarako gai garela» ere gogorarazi dute. Izan ere, 6.718 boluntario horiek biltzeko helburua bete egin dutela jakinarazi dute, jaialdiaren egunetan zein hura antolatzeko lan egin duten lagunei esker beroak adieraziz.

Elkarlanari loturik, eskerrak adierazi dizkiote NAIZi ere, jaialdiaren dimentsioa handitzea ahalbidetu duelako. Info7 Irratia, Ahotsa, Eguzki Irratia, Hamaika Telebista eta Topatu zein argazkilari guztiak ere gogoan izan dituzte.

«Ez da ezeren amaiera»

Azkenik, oroitarazi dute Hatortxu 20a ez dela «ezeren ez inoren amaiera». «Ez da ezeren ez inoren helburu. Tresna bat gara. Etxerako bidea eraikitzen ari gara eta hau da gure tresna. Asko dugu egiteko, baina asko gara egiteko. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen etxerako bidea eraiki beharra daukagu».

Hatortxu antolatzen jarraitu nahi ez duten arren, «hemen jarraituko dugu denak etxean egon arte».