NAIZ
GASTEIZ

Jendetza bildu du Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsierak

Andre Maria Zuriaren jaietan gaztetxoenei eskainitako egunean, milaka lagunek bete egin dute Plaza Berria, Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsiera ikusteko.

Milaka lagun bildu dira Zeledo Txiki eta Neska Txikiren jaitsieran. (GASTEIZKO UDALA)
Milaka lagun bildu dira Zeledo Txiki eta Neska Txikiren jaitsieran. (GASTEIZKO UDALA)

Txikienak dira protagonista Gasteizko jaietako laugarren egun honetan. Unerik berezienetako bat Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsiera izan da, beste urte batez Plaza Berria mukuru bete egin duena.

Txupinazoaren eztandarekin batera, Zeledon Txiki eta Neska Txikiren panpinek plaza gurutzatu dute eta, balkoira iritsita, Erlantz Zabalzak eta Amaia Ramirok (13 eta 9 urte, hurrenez hurren) hartu dute lekukoa, haiei egokitu baitzaie aurten jaiaren sinbolo hori izateko ardura.

Inguruan zituzten milaka lagunei salto eta dantza egiteko gonbitea luzatzeaz gain, jaiez «topera gozatzeko» deia ere egin dute Zabalzak eta Ramirok.

Hori bai, bertaratutakoei «ondo portatzeko» ere eskatu diete.

Gorka Urtaran alkatea bertan zela arin-arin bat dantzatu dute eta ondoren festa hiriko puntu desberdinetara hedatu da.

Esate baterako, gargantua haurrak jan eta jan aritu da eta txikienek ederki gozatu dute Prado parkeko abentura gunean. Nagusiagoek giza-futbolinean aritzeko aukera izan dute.

Datozen orduetan ere egitarauak ez du etenik izango: Marti etxearen su-artifizialak edota El Drogas, Sorkun eta Anparanoiaren kontzertuak izango dira, besteak beste.