@gara_miantzi
Donostia

Presoen auziarentzat irtenbide bat adosteko deia egin du Kalera Kalerak

Estropaden kolore bizien erdian, Kalera Kaleraren lore gorria ernatu da Donostian. Kontxako Banderako besta giroarekin bat egin, eta aldarrikapen bat plazaratu nahi izan du ezker abertzalearen ekimenak: «Premiazkoa da preso, iheslari eta deportatuen auziarentzat irtenbide bat adostea, Euskal Herrian benetako bakea eta bizikidetza lortu ahal izateko». Horretarako prestutasuna azaldu dute manifestazioan parte hartu duten 1.500 bat lagunek.

Kalera Kaleraren manifestazioa Bulebarrera iristen. [Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS]
Kalera Kaleraren manifestazioa Bulebarrera iristen. [Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS]

Eguraldiak barrenean goxo-goxo gelditzera gonbidatu arren, olatu handiei aurre egin diete traineruek. Hori egiten dute egunero presoen senide eta lagunek, eritasunak barrote artean sufritzen dituztenek, kondena beteta kartzelan segitzen dutenek... Olaia Matxainek Hibaikaren painulu gorria lepoan ohartarazi duenez, euskal preso, iheslari eta deportatuek, eta haien familiek, sufritzen segitzen dute oraindik, eta «herri honetan ez da benetako bakerik eta elkarbizitzarik izango sufrimenduak jarraitzen duen bitartean».

Adierazpenok egin ditu gazteak, Oihana Garmendiarekin batera, herri dinamikaren izenean, Donostiako Bulebarretik "Kalera Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera" lelodun manifestazioa abiatu aitzinetik. 1.500 bat lagunek aldarrikapenez busti dituzte jaietan ziren kaleak, eta beren konpromisoa erakutsi dute gainerako euskal eragileekin elkarlanean aritu eta bide-orri bat adosteko.

Agertu dute bide-orri horrek balio behar duela aitzineko fasea egoki eta betiko ixteko. «Helburu horretan gure ahalegin zintzoenak egin behar ditugu», berretsi dute.