Bernardo Atxaga
Idazlea

«... Eta Sasiolako bida-ertzean
neure anaiaren zapata odoleztatuak
ikusi nituenean,
zapata haek eneak izan zitezela
eta odol hura
enea izan zedila
gutiziatzearen indarrez
kezko bola batek itotzen zeuzkidan
biriak...»
(Gabriel Aresti, ‘Auhenaren sentimendua’)

«Hileta hura abiapuntu bat izan zen, momentu fundazionala»
@arianekamio|Andoain|2017/09/23 08:00
Atxaga1
Bernardo Atxaga, asteasuarra izaki, Andoainen egin zituen ikasketak. Irudian, hilerri zaharra zegoen tokian. (Argazkia: Conny BEYREUTHER)

Askotan gertatu da, bereziki literaturan, hileta batean nolabait zerbait abiatzen dela. Hileta hau ere izan zen zerbaiten abiapuntua. Eta nik uste aurreneko aldiz, nola esango nuke… aurreneko aldiz argira azaldu zen azpitik mugimenduan zebilen, modu klandestinoan edo sasi klandestinoan, edo isilka zegoen mugimendu bat, nire ustez gero gauzatu zena erabat eta gure bizitzan halako garrantzia izan duena.

Euskaraz hitz egin bai, baina ez geneukan, Arestik esango lukeen bezala, bigarren mailako diskurtsorik. Bigarren mailakoa, alegia, ez behekoa, baizik eta albokoa, guk ez geneukan diskurtsorik euskarari berari buruz. Euskaldunak ginen eta kito.

Arestik sekulako maitasuna zion Rikardori. Berezia. Esate baterako, Aresti, ez dakit urtero, baina urte askotan Andoainera etortzen zen urteurrena zenean hilobian loreak jartzera. Gutun bat dut, non esaten didan egun gutxira Andoainera joango dela Rikardoren hilobian loreak jartzera.

Andoain. 2017ko maiatzaren 22a. Hilerri zaharra. Eguerdiko ordubata.

Beno Ariane, has gaitezen…

Hemen geratu gara, hilerri zaharra zegoen tokian.
Egia da. Gu hemendik hainbeste ez ginen ibiltzen. Hor, elizaren ondoan, Larramendiren estatua bat zegoen. Ez dakit oraindik hor dagoen…

Jarraitzen du, bai.
Hor bai, hor biltzen ginen. Eta esango nuke aurreneko zigarroak ere seguru asko Larramendiren baimenarekin erre genituela hor. Nik Andoainen gune batzuk badauzkat. Beheko aldean Santa Krutz ermita, baina hilerrira gutxi etorri nintzen, bakarrik egun jakin hartan, ez daukat hainbesteko memoriarik. 

Zer gogoratzen duzu egun hartaz?
Rikardo Arregiren hileta… Oso erraza zait gogoratzea, oso egun berezia, baina hitzaren zentzurik hertsienean, izan zelako. Ez aurrekorik eta ez gerokorik, halako egunik ez nuen nik ezagutu nire gazte garaian. Gainera, gogoratzen dut aurrena bezpera. Istripua gertatu zenean. Eta gogoratzen dut bere izeba –ez dut orain bere izena gogoratzen– etorri zela gure etxera amaren laguna zelako. Esan zuen 26 urte zituela, istripua… Oso gogoan daukat momentu hori, jakin nuenean heriotzarena, eta nola joan ginen hiletara. 

Hiletari buruz asko hitz egin dezaket. Ez dakit zenbat jakin nahi duzun…

Dakizun guztia…
Askotan gertatu da, bereziki literaturan, hileta batean nolabait zerbait abiatzen dela. Hileta hau ere izan zen zerbaiten abiapuntua. Eta nik uste aurreneko aldiz, nola esango nuke… aurreneko aldiz argira azaldu zen azpitik mugimenduan zebilen, modu klandestinoan edo sasi klandestinoan, edo isilka zegoen mugimendu bat, nire ustez gero gauzatu zena erabat eta gure bizitzan halako garrantzia izan duena. 

Esate baterako, nik hileta horretan aurreneko aldiz entzun nuen txalaparta. Eta txalaparta jo zuten hilerri honetara etorri ginenean… Belkoain al da hor atzekoa? [galdetu du atzean dituen mendiei begira].

Albo batean duzu Belkoain eta parean Buruntza.
Hortik jo zuten, ez nago ziur nondik. Hor nonbait kokatu ziren, oihartzunak eta dena aztertuta izango zituzten, zeren oso ondo entzuten zen, eta izugarrizko inpresioa egiten zuen. Ez dakit zer egin beharko litzatekeen, nola esan beharko litzatekeen jendeak ulertzeko zenbateko aldaketa den. Izugarria da. Zeren ordura arte txalaparta zen sagardotegi pare bateko tresna erdi festakoa, baina ez zen batere ezaguna. Aldaketa ikaragarria izan zen. Bat-batean tresna bat hileta batean dolu musika bezala. Eta txalaparta zen mugimendu berriak ekarri zuena. Balorazio hori, balio hori ematea tresna horri. Hor eten bat egon zen. Urte erabakigarri bat izan zen. Aldaketa handi bat, pitzadura bat, lehengo garaiak, garai berriak, lehengo abertzaletasuna, abertzaletasun berria… 

Marxismoa ere, orduan bazen hotsa baina gauzatu zen hileta horretan ere, zeren hitz egin zuten batzuek... eta gogoratzen naiz zehazki Lasarteko bertsolari batek bota zituela bertso komunistak. Badakit hori, zeren gero kanpoan askok protesta egin zuten, zapuztuta, zergatik hain zuzen Rikardo Arregiren hiletan, bera ez zelarik komunista, zergatik egin zuten hura. Han hori nabarmendu zen.

Jendetza zegoen hileta hartan. Gabriel Arestik, esaterako, bertan errezitatu zuen.
Nire bizitzan aurreneko aldiz, eta nire bizitzan garrantzi ikaragarria izango zuena, Gabriel Aresti entzun nuen errezitatzen. Atera zen aldarera, ezkerreko atrilean jarri zen; ahots oso txarra zeukan, erretzaile porrokatuarena, eztarria marrantatua; eta oroitzen naiz zapataren detaileaz. Esaten da istripuetan zapatak gelditzen direla. Zapata aipatu zuen, eta tximeleta beltzak. Irudi hori oso garbi daukat.

Niretzat benetan izan zen holograma bat. Alde batetik begiratzen diozu eta ikusten duzu marrazki bat, niretzat zen lehenagoko mundu zaharra. Eta bat-batean bi orduko zeremonia horretan, holograma hori aldatu egin zen… Euskaraz idazten zela… Nik uste nuen gerra aurrean egiten zen zerbait zela… Marxismoa bazebilela, borroka bat baita ere iraultzaren inguruko ideologia artean… txalaparta… hori guztia orduan ikusi nuen lehenengo aldiz.

Eta beraz, nik jarriko banu, nire bizitzaren arabera, momentu hori izan da fundazionala, pertsonalki hala izan da.

Nahi duzu jarraitzea?



Bai, noski.
Ordura arte nik ezagutzen nuen Rikardo. Behin bakarrik hitz egin nuen eserita, aurrez aurre, eta hori izan zen jakin nahi zuelako zenbat ginen Andoainen PREU delako hura [unibertsitate aurreko kurtsoa] egiten genuenak. Ez naiz gogoratzen, baina uste dut zazpi ginela, oso gutxi ginen. Eta berak hori jakin nahi zuen; uste dut, egiten ari zelako halako planifikazio kultural bat, eta euskararen alfabetizazioa… Ordurako horrekin zebilen buruan. Izango zen PREU egiten genuenok eta euskaldunak ginenok. Uste dut zazpi atera zitzaizkidala, edo sei eta erdi [barreak].

Baita ere esan beharra dago Rikardo ez zela pertsona isolatu bat, bakan bat, baizik eta hor zegoen inguru bat, eta giro bat. Ez talde bat. Baina bai inguru bat. Eta hor tartean zeuden Eguzki-Alden bizi zirenak. 

Manuel Lekuona, esate baterako?
Bai. Manuel Lekuona. Nik hori ezagutzen nuen, Mikel bere anaia gaztearen bidez, edo agian Josebaren bidez. Eguzki-Aldera joan eta Lekuonarekin hitz egiten nuen. Eta errepikatu behar dut behin eta berriro. Dena erlatiboa da, distantzia erlatiboa da, ez dago mendi altu bat ez badago beste bat txikiagoa. Orduan, baita ere ikusi behar da hemen ere gure jabetza edo kontzientzia hartze momentu hartan hura ere sekulako jauzia zela. Koska ikaragarri bat.

Lekuonarekin hitz egin aurretik, eta gero inguruko beste jende batekin, guk ez geneukan inolako kontzientziarik, ez ginen jabetzen. Euskaraz hitz egin bai, baina ez geneukan, Arestik esango lukeen bezala, bigarren mailako diskurtsorik. Bigarren mailakoa, alegia, ez behekoa, baizik eta albokoa, guk ez geneukan diskurtsorik euskarari berari buruz. Euskaldunak ginen eta kito. Eta euskal historiari buruz ere ez. Horregatik gogoratzen naiz Eguzki-Alden Manuel Lekuonari zerbait galdetu geniola, eta esan zuen: «Euskaldunok gauza batekin harro egon behar dugu, eta da gure historiarekin». Zergatik esan zuen, ez dakit oso ondo. Baina hori esan zuen eta gogoratzen naiz nolako inpresioa egin zidan. Eta ikusten dut non esan zigun, sartu eta eskuinetara dagoen gela txiki batean.

Baita ere esan behar dut, ingurua esaten dudanean, bere osaba, apaiza...




Eugenio Arregi?
On Eugeniok sekulako pisua zuen. Beti ibiltzen zen kalean gora, kalean behera, eta oso gizon lehiatsua zen, oso nortasun handikoa, oso kultua. Hileta hartan, begira noraino egin zidan inpresioa, oker ez banago, on Eugeniok aipatu zuen ‘Homo homini lupus’. Filosofia. Berak kultura bat zuen, euskaltzalea zalantzarik gabekoa. Eta haien bidez sartu ninduten antzerki bat egitera.

Bai, gogoan dut. ‘Ehun dukat’.
‘Ehun dukat’ bai. Eta nolako poza hartu nuen nik "por orden gubernativa" galarazi zutenean, zeren benetan izututa nengoen agertokira atera behar nuelako. Bezperan esan zutenean ezin zela egin, nire bihotz txikian poza hartu nuen. «Ze ondo! Ez daukat atera beharrik!».

Horrek guztiak adierazten du inguru bat. Eugenio, Manuel Lekuona, Rikardo, bere anaiak… Gune bat zen, euskal kultura eta euskal politika eta euskal abertzaletasunaren nukleo bat.

Gogoratzen duzu zehazki aipatzen duzun hileta hil zeneko hileta izan zen edo gerora egin zen herri meza?
Litekeena da herri meza izatea. Nik gogoratzen dut hileta bezala, hain zuzen ere, esan dizut eliza bete-betea zegoela, zenbat jende atera zen aldarera, atrilaren aurrean jarri, batzuek kantatu, besteek bertsoak bota, hitzaldiak eman… Inpresio gehiena egin zidana izan zen Aresti bere poemak errezitatzen Andoainen.

Arestik sekulako maitasuna zion Rikardori. Berezia. Esate baterako, Aresti, ez dakit urtero, baina urte askotan Andoainera etortzen zen urteurrena zenean hilobian loreak jartzera. Gutun bat dut, non esaten didan egun gutxira Andoainera joango dela Rikardoren hilobian loreak jartzera.

Herri meza hartan euskal kulturaren alorreko hainbat aurpegik parte hartu zuten. Gerora euskal sorkuntzan erreferente izan direnak lagun zituen orduan Rikardo Arregik.
Bai. Hori da. Hor ezkutuan zegoen jende bat, ez dakit zenbat ziren, ehun, berrehun; ezkutuan zeuden, baina lan handia egiten ari ziren etengabe. Gauza askotan: alfabetizazioa, hitzaldiak… Hitz batean laburtzeko. Ni gogoratzen naiz, eta ez dakit ze oinarrirekin izango zen, baina askotan entzundako gauza bat zen, Rikardo izango zela hurrengo lehendakaria. Zurrumurru bat agian. Baina hori zen entzuten zena.

Garai hartan, bai bera eta bai bere anaiak, bereizten ziren ideologia bat bazutelako. Nik artean ezin nuen izan ideologiarik. Beti baduzu pentsamendu bat, baina ingurukoenak ziren, lagunenak… Halako nahaste-borraste bat. Baina hauek sistema bat zuten eta bere errealitatea aztertzeko modua sistematikoa zen, ideia batzuen araberakoa. 

Etxean ere oso abertzaleak ziren.
Aurreko belaunaldikoak eta bere aita bera, denok bagenekien gizon hori oso abertzalea zela eta erreferentzia bat zen, garbia. Bere osaba Eugenio ere erreferentzia garbia zen.

… Orain gogoratu naiz… Salbadora. 

Izeba?
Bai. Salbadora zuen izena.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK