@arianekamio
Donostia

Maitasunaren oinazeak

Ivana Mladenovicek bi gizonen arteko maitasun istorioa ekarri du Zinemaldira ‘Soldiers. Story from Ferentari’ lanarekin, Bucarest kanpokaldeko auzo bazatertu batean kokatua.

‘Soldiers. Story from Ferentari’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)
‘Soldiers. Story from Ferentari’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Bucarest kanpokaldeko auzo baztertu batean, Ferentarin, ezagutzen dute elkar Adik eta Albertok. Adi doktorego tesi bat egiten ari da ‘manele’aren inguruan, komunitate romaniaren musika mota bat. Bide horretan laguntzeko eta auzoko jendea ezagutu ahal izateko, Albertoren laguntza izango du, espetxean 14 urte igaro ondoren askatasuna berreskuratu duen ijitoa.

Bien artean maitasun istorio bat abiatuko da berehala, baina Adik duen dirua amaitzen denean, harremanean gora beherak sortuko dira.

Ivana Mladenovicen lanak dokumentalaren generoa nahasten du fikzioarekin. Ferentariko giroa grabatu nahi izan zuten eguneroko bizitzan enbarazorik egin gabe. Eta filmeko grabaketa ere profesionalak ez diren aktoreekin egin zuten.

Filmaren gidoiaren oinarria Adrian Schiopek idatzitako liburu bat zen, eta Schiop bera da protagonistetako bat, Adiren azalean jartzen dena. «Liburua duela denbora asko idatzi nuen. Autobiografia pixka bat ere badu. Liburu hori idatzi nuen nire burua askatzeko. Liburua idatzi nuen bizkor xamar. Batzuetan urte batzuk hartzen ditut liburu bat idazteko baina hau hilabete bazuetan idatzi nuen», adierazi du.

Filmean askatasuna eman nahi izan die aktoreei zuzendariak. «Adrianen kasuan erraza izan zen, azkenean bere buruaren parte bat antzeztu behar baitzuen, baina gainontzekoekin zailagoa izan zen, gidoia jarraitu behar izan zuten», nabarmendu du.