NAIZ

Rafa Ruedak bere azken lana dakar, ‘Hiri kristalezkoa’

Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandia­ran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballesen hitzak musikatuta eskainiko ditu Rafa Ruedak bere lan berrian. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Baionan izanen da datozen egunetan.

‘Hiri kristalezkoa’, Rafa Ruedaren lan berria, bereizgarriekin dator. Kalitate eta musika bailaz gain, hitzetan parte hartuko duten idazleengatik ere, bertan Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandia­ran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballesen hitzak musikatuta eskainiko baititu.

Baina berritasunak ez dira hor amaituko. Ekoizpenean ere igarriko ditu entzuleak, izan ere, W.A.S (We Are Standard) taldeko Jon Agirrezaba­laga arduratuko baita diskoari ukitu elektroniko eta dantzagarriak eransteaz.

20 urtetako ibilbide sendoa jorratu du Mungiako musikagileak, 90. hamarkadaren hasieran Broken Biho­tz taldearekin estreinatu zenetik. Euskal rokaren berritzaileetakoak izan ziren TT L.T. sortu zuen ondoren, zeina aurten itzuli den, zaleen eskariz, erantzun ezin hobea izan duen bira laburrean. 2003an hasi zuen bakarkako ibilbidea KEA diskoarekin eta ordutik etengabeko bilaketan ari da Rafa, letraren eta musikaren arteko elkartze gatazkatsutik kantaren funtsa aurkitu nahian.

Proiektu berri honekin solasaldi musikatuak eskainiko ditu. Gaur bertan, Bilboko Alde Zaharreko Elkarren egonen da 19:00etan, Fermin Etxegoiekin batera. Bihar, Leire Palacios alboan duela, Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan izanen da ordu berean. Etzi, arabar hiriburuko San Prudencioko Elkar dendan arituko da Jon Basagurenekin eta igandean, azkenik, Baionan egonen da ikusgai. 18:30ean, Arsenal plazako Elkar dendan.