Gotzon ARANBURU
LASARTE-ORIA

Aisialdiaren garrantzia eta bat-batekotasuna

Bertsozale Elkartetik –bai Euskal Herri mailan, bai herrialde mailan– antolatzen diren ekimenez gain aipagarria da bertso eskolaz bertso eskola aisialdiak duen garrantzia, klasez kanpo ikasleei denbora eskaintzeak duen garrantzia. Esaterako, bailara batzuetan asteburu pasak, bertso ginkanak, meriendak, ikasleen saioak… antolatzen dira, garrantzitsua baita ikasleek euren taldetik kanpo harremanak egin eta beste jende batekin dituzten zaletasunak konpartitzea, sare sendo bat eraikitzea.

Lasarte-Oriako bertso eskola. (Gotzon ARANBURU)
Lasarte-Oriako bertso eskola. (Gotzon ARANBURU)

Aurretik aipatutako egunerokoan egiten diren ekintza osagarriez gain bi egitasmo bateratu antolatzen dira, hain zuzen ere Euskal Herriko bertso eskoletan dabiltzan haur eta gazteentzako Eskolarteko Txapelketa eta bertso udalekuak.Txapelketa Ikastolen Elkartearekin elkarlanean egiten da eta bertso udalekuak antolatzeko elkarteko eragileaz gain borondatezko batzorde bat dago udalekuetan zuzendari gisa aritzen diren ordezkariez osatuta.

Helduen bertso eskolen arteko harreman sarea sustatzeko berriz elkarteko eragileaz gain, beste borondatezko batzorde bat dago martxan. Batzorde honek antolatzen dituen egitasmo batzuk aipatzearren, Helduen Bertso Eskolen Eguna –ikasturte berriarekin batera udazkenean ospatzen dena–, Bertsotruk egitasmoa –bertso eskolen arteko desafioa, hirugarren ediziora ailegatu dena–, bertso eskolentzako hitzaldiak edo ikastaroak. Ekintza bateratu hauek –dio Mikelek– asko laguntzen dute harreman berriak egiten, bertso eskolen sarea ehuntzen eta batez ere herrialde desberdinetako kideen arteko harremanaren joan etorrian. 

Bat-batekotasuna

Behin bat-batean hasten den ikasleak gerora ere irauteko joera hartzen du. Alegia, amua irentsi eta bertsoari lotuta geratzen da. Helduaroan bestelako gauzak ere izaten direnez pixka bat apartatzeko joera dago, baina lotura inoiz galdu gabe. Bertsotan egiteko ez bada zaletu edo antolatzaile gisa jarraitzen dute, gure hiru solaskideek ikusi dutenez.

Bertsotan bat-batean egiteko ez da denbora asko behar. Lehen egunetik hasten dira batzuk kopla bat egiten. Dena dela, denbora gutxian hasteak ez du esan nahi denbora gehiago pasa duen batek baino erraztasun handiago duenik. Alegia, badira bertso eskolan bat-batean hastea kosta baina gerora oso egin dutenak; bakoitzaren izaeraren arabera asko aldatzen da. Esaterako, lau oinak eman eta bertso bat egiten ikasteko ez da denbora asko behar. Kurtso bakarrean aurrerapen handia egiten dute ikasleek.

Helduen kasuan ere antzekoa gertatzen da. Beste kontu bat da jendaurrean bertso saio bat egiteko gauza izatea. Hori konplikatuagoa da. Jendaurrean egoten jakin egin behar da, konfiantza eduki behar da norbere buruarekin.

26.300 ikasle 507 ikastetxetan

Eskoletan ere, ikasturtean zehar, bertsolaritza erakusten da. Abiatu berri den ikasturte honetan Hezkuntza Arautuan guztira 26.300 ikasle ariko dira Euskal Herriko 507 ikastetxetan bertsolaritza proiektuan barneratuta. Bertsozale Elkarteko 47 irakasle dira ikasgeletan bertsolaritza erakusteaz arduratzen direnak.

Joxean Agirre kazetariak zuzendutako ‘Bertsolari’ aldizkariaren 2002ko neguko zenbakia bertso eskolei eskainitakoa izan zen, eta hala zioen pasarte batean: «Bertso eskolako argazki guztietan jendea irribarretsu ageri da». Hamabost urteotan ez da aldatu giroa, Estik dioenez «bertso eskolan disfrutatzen ez bada zerbait gaizki egiten ari garen seinale baita. Bertsotan egitea, hasteko, jolas bat da. Eta bertsotan egiten ez duenak ere gozatu dezake bertso eskolan. Umorea eta lagun giroa dagoelako irauten dute bertso eskolek. Horrez gain, edozein sormen ekintzak gozamena dakarkio gizakiari. Eta horri eransten badiozu sortzen ari zarenean jendea begira dagoela, zu gai izatea hori egiteko…».

Bertso eskolak ez dira bertsoaren eskolak bakarrik. Bertako ikasleek ezagutzen dituzte euskal kulturako pertsona garrantzitsuak zein diren, musika taldeak edo idazleak.  Alegia, bertsotan egin nahi baduzu horietatik edaten duzu. Eneritzen hitzetan, «kontsumitzen duzuna ateratzen zaizu gero, eta biltegia beteta edukitzea komeni da. Horretaz gain, askotan gure ikasleak ez dira bertsotan bakarrik aritzen. Alegia, antzerkian ere bai batzuk, idatzi ere egiten dute, literatur lehiaketetan parte hartzen dute eta abar. Horren erakusgarri da Ahots Baten ekimena, eta Topagunearekin batera Tolosan jadanik martxan dagoen Sormen Tailerra. Eta jakina, bertsotan egin nahi baduzu hizkuntza derrigor landu behar duzu. Ez zuzenean agian, baina bai zeharka, derrigorrez, bestela ez duzulako bertso onik botako. Bizitzaren eskola ere badela esan daiteke».