NAIZ
GASTEIZ

EAEko erakundeek «elkarlana eta aktibazioa» nabarmendu dituzte euskararen erabilera sustatzeko

«Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai» adierazi dute EAEko erakundeek igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Adierazpen bateratua aurkeztu dute gaur EAEko instituzio desberdinek, EUDELek eta UEMAk.

Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua aurkeztu dute gaur EAEko erakundeek, EUDELek eta UEMAk.(Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen bateratua aurkeztu dute gaur EAEko erakundeek, EUDELek eta UEMAk.(Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

EAEko erakundeek «elkarlana eta aktibazioa» nabarmendu dituzte euskararen erabilera sustatzeko. Datorren igandean ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta honi begira adierazpen bateratua adostu dute.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean irakurri dute adierazpen hori eta, informatu dutenez, datorren igandean ildo horren aldeko apustua berretsiko dute egun hori dela-eta Europa Jauregian izango den ospakizun nagusian.

EAEko erakunde nagusietako ordezkariak izan dira adierazpenaren aurkezpenean: Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Haiekin batera izan dira, baita ere, EUDELeko euskara arduradun Aitor Aldasoro eta UEMAko presidente Josu Labaka.

Adierazpen honetan «elkarlanaren garrantzia» nabarmendu dute euskararen erabilera sustatze aldera: «Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai».

Horrela, adierazi dutenez, momentu egokia da lankidetza hori berrikuntzaren bidetik sendotzeko. «Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez», gehitu dute.