NAIZ
DONOSTIA

Langabeziak behera egin du azaroan Hego Euskal Herrian

Joan den azaroan 163.514 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Urriarekin alderatuta, behera egin du langabeziak herrialde guztietan, 3.827 langabe gutxiago zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan. Jaitsierarik handiena Araban izan da.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak gaur kaleratu ditu azaroari dagozkion langabeziaren datuak. Iturri horren arabera, Hego Euskal Herrian 163.514 langabe zeuden erregistratuta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako enplegu bulegoetan, aurreko hilabetean baino 3.827 gutxiago.

Langabeziak herrialde guztietan egin du behera, gehiena Araban. Herrialde horretan 20.768 pertsona zeuden lanik gabe, urrian baino 443 gutxiago (-%2,09).

Gipuzkoan %1,44 jaitsi da langabezia azaroan; guztira 33.826 langabe zenbatu dituzte, urrian baino 495 gutxiago.

Bizkaiari dagokionez, hilabete arteko jaitsiera %1,11koa izan da azaroan; enplegu bulegoetan 73.699 pertsona zenbatu dituzte lanik gabe, urrian baino 825 gutxiago.

Nafarroan, azkenik, beherakada apalagoa izan da. 35.221 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hilean baino 98 gutxiago (-%0,28).

Azken hamabi hilabeteetan ere behera

Urte arteko eboluzioari erreparatuta ere langabeziak behera egin du lau herrialdeetan. Jaitsierarik handienak Nafarroan eta Gipuzkoan izan dira, %9,49 eta %9,38koak, hurrenez hurren. Araban %6,38 murriztu da langabezia azken hamabi hilabeteotan eta Bizkaian, berriz, %5,74.

Estatu espainolari dagokionez, langabeziak kontrako joera izan du eta gora egin du azaroan. Zehazki, 3.474.281 langabe zenbatu ditu Enplegu Ministerioak, urrian baino 7.255 gehiago.