NAIZ
BILBO

Etxaniz eta Arrieta, txapeldun Emakume Master Cupean

Leire Etxaniz nagusi izan da Emakume Master Cup txapelketaren finalean, Lau eta erdikoan, Elite Mailan Maider Mendizabali 22-13 irabazita. Lehen Mailan, Eneritz Arrieta 12-22 gailendu zaio Maite Iriarteri.

Leire Etxaniz eta Eneritz Arrietarentzat izan dira txapelak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Leire Etxaniz eta Eneritz Arrietarentzat izan dira txapelak. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Jende andana bildu duen Sopelako pilotalekuan jokatu dira asteazken honetan Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak.

Lau eta erdiko distantzian, Elite Mailan, faboritotzat jotzen zuten Leire Etxaniz etxebarritarra nagusitu da eta Maider Mendizabali 22-13 irabazita jantzi du txapela.

Emaitzak bestelakorik iradoki dezakeen arren, partida gogorra izan da. Bizkaitarra indartsu hasi da (7-2) eta, uneoro aurretik joan bada ere, anoetarraren erasoaldiei eutsi behar izan die (8-6 eta 14-11). Jokoan erakutsitako kalitatea eta nagusitasun fisikoa izan dira Etxanizen garaipenaren giltza.

Etxebarritarrak nagusitasunez irabazi zuen bere finalerdia, 18-3 Leire Garairen kontra, baita final-laurdena ere, 2-18 Arrate Bergararen aurka. Gainera, ezin da ahaztu martxoan jokatu ziren binakako finaletan ere txapeldun irten zela –Olatz Arrizabalagarekin 22-14 garaitu zituen Maider Mendizabal eta Nagore Arozena–.

Lehen Mailan, Arrieta txapeldun

Beste alde batetik, Lehen Mailan, Eneritz Arrieta azkoitiarrak jantzi du txapela Maite Iriarte azpeitiarrari 12-22 irabazita.

Oñatin jokatutako bigarren kanporaketan, ligaxka formatuan, elkarren aurka jokatu zuten Arrietak eta Iriartek eta orduan ere azkoitarrak 18-13 menderatu zuen azpeitiarra.