@arianekamio
Durango

Transmisioa helduleku, geroa berbagai

Ikasleen egunari heldu dio gaur Durangoko Azokak eta nabarmena da haien presentzia Landakoko kaleetan. Euskal editorialek garrantzia berezia ematen diote haien etorrerari. Etorkizuna begi bistan dute.

Azokan gaur hartutako irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Azokan gaur hartutako irudia. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohikoa da Durangoko Azokak bere lehenengo eguna ikasle egunarekin abiatzea. Baina aurtengoak ez dio betiko arauari eutsi. Atzoko (sasi)jai eguna pasata, lasai antzean agertu dira Euskal Herriko editorialetan liburuen edizio lanak egiten dituztenak. «Abenduaren 6a beti izaten da potentea Durangon. Jendeak erreibindikazio politikoa egiten du, baina aldarrikapen kulturala ere hor dago. ‘Euskaldunon Egunkaria’ ere halako egun batez sortu zen... Abenduaren 6ak badu zerbait berezia, eta aurtengoa ere positiboa izan da bisitari eta salmenta aldetik», aipatu du Susako editore Gorka Arresek.

Etorkizuna begi aurrean ikusten dute editoreek gaur egiten ari den ikasle egunaren baitan. Etorkizuneko irakurle eta zaleek haien lehen kontaktua dute azokarekin. Transmisioari egin diote aipamen berezia, eta horretan Ahotseneak betetzen duen paperari. «Musika da gazteak erakartzen dituena, eta azokan halako eskaintza bat izatea garrantzitsua da haiek erakartzeko», egin du gogoeta Txalapartatik Mikel Sotok.

Denek egiten dute bat hausnarketa batean. Ikasle eguna egin egin behar dela Durangoko Azokak eta euskal kulturak etorkizuna izan nahi badu.

Beste hiru egunez izango ditu zabalik oraindik ateak "Sormenaren lurraldea"k eta salmentei adi begiratzen diete editoreek. Askorentzat urte osoko salmenten %10a lortzen da egun hauetan. «Badirudi gutxi dela, beste %90a geratzen da urte osorako, baina oso epe laburra da eta uste dut zifra esanguratsuak direla. Durangon emaitza onak izateak ere hurrengo urtean liburu gehiago egiteko bultzada ematen dizu», gaineratu du Arresek.

Bihar abiatuko ditu Durangoko Azokak Gogoetaren Plazako elkarrizketa eta gogoetak. Lehenengo gonbidatuak Jon Garaño zine zuzendaria eta Katixa Agirre idazlea izango dira.