NAIZ
DURANGO

110.000 bisitaritik gora jasota, 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Durangoko Azokak

110.000 bisitari hartu ditu Durangoko Azokak iraun duen bost egunetan zehar, 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa erdietsiz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, zortzi guneetako egitarauak pisua hartu du eta gero eta gehiago dira egitaraua kontuan hartuta Azokara gerturatzen diren bisitariak. Datorren urteko edizioaren data ere zehaztu dute dagoeneko: abenduaren 5etik 9ra ospatuko da Azokaren 53. edizioa.

Landako gunea, jendez gainezka. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Landako gunea, jendez gainezka. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Amaitu da Durangoko Azokaren 52. edizioa. Bost egunez, milaka lagun gerturatu dira ‘sormenaren lurraldera’, antolatzaileen arabera, «sortzaileen eskaintza oparoari esker». Zehazki, 110.000 bisitari baino gehiago izan ditu Azokak; abenduaren 6a izan zen egunik jendetsuena, eta gaurkoa lasaiena.

Bisitarien profilari erreparatuta, abenduaren 7a, osteguna, izan zen egunik «bereziena», egun horretarako antolatu baitzuten Ikasle Eguna. «Azokak apustua egin zuen Ikasle Eguna mantentzeko, bigarren egunean izan arren», azaldu dute antolatzaileek.

Azaldu dutenez, Landako guneaz gain Azokako gainerako guneetan ere jendearen ibilia «handia» izan da. Berri Txarraken kontzertua, Handia eta Errementari filmen emanaldiak eta Gogoetaren Plazan ospatu diren solasaldiak azpimarratu dituzte, besteak beste, antolatzaileek. «Guneak, beraz, gero eta ezagunagoak dira bisitarien artean», azpimarratu dute.

Webguneak ere marka guztiak hautsi zituen lehen egunean, 8.200 bisitarirekin. «Horrek adierazten du, azokazaleak gero eta gehiago egitaraua kontuan hartzen duela bere bisita planifikatzeko», nabarmendu dute. Gune guztietan izan da, beraz, positiboa Azokaren antolatzaileen balorazioa.

Azokak egin ekarpenaren inguruan, «handia» izan da, «hainbat aldetatik begiratuta». Esaterako, «askotariko sortzaileak egon dira, kultur-lanak ugariak izan dira eta gogoeta aberatsak utzi ditu». Baina bada neurtu ezin den ekarpen bat ere, euskal kulturari bere horretan egiten zaiona.

Alor ekonomikoan, aurtengo edizioak 7,2 milioi euroko ekarpen ekonomikoa izan du, bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen aintzat hartuta. «Datu garrantzitsua da hori Azokarentzat: euskal kulturan inbertitzeak merezi duela erakusten du», adierazi dute. Argitaletxe eta diskoetxeen arabera «asko» saldu da aurten.

52. edizioa amaituta, baina, 53. begira dira jada antolatzaileak; datorren urteko datak zehaztu ditu jada Azokak: abenduaren 5etik 9ra. Izango du berrikuntzarik ere 53.ak: lehen aldiz sormen bekaren deialdia egingo da.