Nafarroak Europako Vanguard sarea koordinatuko du 2018ko bigarren seihilekoan

Nafarroako Gobernuak, Bruselan duen ordezkaritzaren bitartez, Vanguard Sarea koordinatuko du 2018. urteko bigarren seihilekoan. Goi-teknologiako politika industrialetan aitzindari diren Europar Batasuneko 20 eskualdek osatzen dute sare hori.

NAIZ|IRUÑEA|2018/01/02 17:36
Redvanguardaa
Vanguard Sarea osatzen duten Europako eskualdeak. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Foro horretan gorpuzten dira etorkizuneko joerak, hala nola laugarren industria-iraultza, 4.0 industria izenaz ezagutzen dena, Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (S3) helburuetako bat.

Han egonik, Foru Komunitateak gertatzen diren garapen industrialen berri izaten du, eta aldez aurretik hauteman ditzake merkatu-nitxo berriak. Informazio horri esker, proiektu berriak jarri ahal izango dira martxan, eta teknologia berriak eskuratu ahal izango dira.

Europa mailan elkarlanean aritzeko modu berritzaile bat da Sarea. Eskualdeko espezializazio adimendunaren printzipioei buruzko baliabideak mobilizatzeko eta lerrokatzeko aukera berriak ematen ditu, eta klusterretan oinarritutako eskualde arteko kooperazioa proposatzen du.

Haren helburua da kluster industrialen nazioarteratzea bultzatzea, bi ezaugarri hauek dituzten eremuekiko eskualde arteko sarearen eragina aprobetxatuz: EBn berrikuntzaren alde modu koordinatuan lan egiteko borondate politikoa dutenak eta mundu osora irits daitezkeen klusterren —jada identifikatu dira eskualdeko estrategian (RIS3)— nazioarteratzearekin konprometitu direnak.

Horrez gain, aipatzekoa da ekimen horrekin ezagutza eta esperientzia ematen zaizkiola Europako Batzordeari, Europako industriaren berpizkundea lortzeko duen helburua betetzeari dagokionez, zeinak fabrikazio aurreratuaren esparruan jarriko baitu arreta.

Vanguard Sarea edo Vanguard Initiative goi-mailako «Regions as motors of new growth by smart specialization» konferentzian hasi zen eratzen, Europako Parlamentuan, Europako industriaren berpizkundeari buruzko eztabaidaren testuinguru zabalagoan, eta arreta berezia jartzen du fabrikazio aurreratuaren esparruan (Advanced Manufacturing ADMA).

Europako Batzordeak Vanguard Sare horren barruan sar daitezkeen goi-teknologiako zortzi proiektu hautatu berri ditu, S3 estrategian eta eskualdeen arteko elkarlanean oinarrituak. Haietako bi, bioekonomiari eta itsas energia berriztagarriari buruzkoak, Nafarroak aurkeztu ditu, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER) lankidetzan.