Txomin Enea, mugikortasun elektrikoa eta AHTren geltokia, Goiaren 2018rako erronken artean

Eneko Goia Donostiako alkateak uste du 2018.a «urte garrantzitsua» izango dela mugikortasunaren eta hiriaren garapenerako. Txomin Enea, Martuteneko kartzela lekuz aldatzea, mugikortasun elektrikoa, metroaren pasantea eta AHTren geltokia aipatu ditu datorren urterako erronken artean.

NAIZ|DONOSTIA|2018/01/02 13:17|0 iruzkin
Eneko-goia
Eneko Goia Donostiako alkateak 2017ko balantzea eta 2018rako erronkak azaldu ditu. (DONOSTIAKO UDALA)

Eneko Goiak bukatu berri den urtearen balantzea egin du eta hasi berria denerako erronkak aipatu ditu agerraldi batean. Bere ustez, 2017a «positiboa eta emankorra» izan da, eta 2018a, berriz, «garrantzitsua» izango da «mugikortasunean eta hiriaren garapenean aurrerapausoak ematen jarraitzeko». Horretarako, nabarmendu du, hainbat proiektu martxan daude, «Eurpako bizi kalitate onena duten hirien artean egoteko aukera emango duten hainbat proiektu» hain zuzen ere.

Txomin Enearen lehen faseari azken bultzada ematea eta Martuteneko kartzela lekuz aldatzeko Barne Ministerio espainolaren konpromisoa lortzea dira alkateak aipatu dituen bi erronka nagusienetakoak. Horren harira, gogoratu du urtarrilaren 10ean Espetxe Zuzendaritzarekin bilera duela, eta saiatuko dela Martuteneko kartzela lekuz aldatzeko konpromisoa datekin zehaztu dezaten.

Martuteneko kartzela Ezkuzaitzetara aldatzea da Urumeako ibarraren garapenarekin jarraitzeko gauza garrantzitsuenetakoa, eta horrekin batera Loiolako kuartelen lekualdaketa dago. Horren harira esan du Defensa Ministerioaren erantzunaren zain jarraitzen dutela.

Halaber, 2018a «giltzarri» izango da Bretxako Arraindegi eraikinarentzat, urtean zehar hasiko baitira eraikina prestatzeko lanak, hain zuzen ere, merkatu, osasun zentro eta kirol gune bilakatuko duten prestaketa lanak.

Bestalde, Donostiako alkateak azpimarratu du 2018a «mugikortasun elektrikoaren urtea» izango dela. Hainbat proiektu martxan daude eta horiek guztiak estrategia batean bildu nahi dira. Goiak azaldu duenez, Udala Lakuako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin lanean ari da mugikortasun elektrikoaren gainean lankidetza hitzarmen bat sinatzeko. 

Turismoari dagokionez, 2018a etxebizitza turistikoak arautzeko garrantzitsua izango da, alkatearen arabera. Ordenantza behin behinean onartu zen 2017an eta horri esker aurten fenomeno hori arautu ahal izango du. Gainera, ordenantza betetzeaz arduratuko den taldea dagoeneko lanean ari da.

Horrekin batera, Ezkuzaitzetaren garapena edo Miramongo Teknologia Parkea indartzea dira alkateak aipatu dituen beste bi erronka ekonomia garapena eta berrikuntza arloetan. Ezkuzaitzetaren garapenean hamar milioi euroko inbertsioa egingo da aurten.

Ekialdeko barrutia martxan jartzea eta Alde Zaharreko plangintza orokorrean aurreikusitako lehen neurriak hartzea dira aurtengo beste bi erronka. Horrela, besteak beste, Bera Bera, Amara –Karlos I hobetzeko bigarren fasea– edo Morlans –Morlans-Aiete igogailua martxan jartzea– auzoetan hainbat hobekuntza lan egingo direla jakinarazi du.

Gainera, Loiolako bulebarizazioa, Larratxo eta Errege Zaineko igogailuak, edo Aieteko osasun zentroaren bultzada dira esku artean dauden beste egitasmo batzuk.

«Aurten Herrera eta Trintxerperen arteko lotura amaituta ikusiko dugu; Anoeta estadioaren berrikuntza gero eta gehiago ikusiko da; topoaren igarobidearen lanak martxan egongo dira, eta urte amaierarako Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren lanak esleituta egotea espero da», gaineratu du Eneko Goiak.