Sakonean
Eusko Ikaskuntza

Berpizkundea. Hauxe da Eusko Ikaskuntzak Euskal Herrian gertatzea nahi lukeena, eta indar guztia jarriko du gauza dadin. Ehunka gizon eta emakume, diziplina guztietakoak, bilduko ditu 2018an burutuko duen kongresuan, kulturaren, gizartearen, ekonomiaren... diagnostiko ahalik eta zuzenena egiteko lehenengo, eta ondoren aurrerabideak proposatzeko, Euskal Herri artikulatu eta sendoa helburu.

Gotzon ARANBURU|DONOSTIA|2018/01/03 07:20
Inaki-dorronsoro-eusko-ikaskuntza
Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. (Gotzon ARANBURU)

Arriskutsua da historian paralelismoak egitea, baina atzera begira jarriz gero askotan ikusten da herri batek egun bizi duen egoera eta duela hainbat hamarkada edo mende bizi zuenak badituztela antzekotasunak. Gure kasuan, XX. mendearen hasieran oraindik ere nabarmenak ziren Euskal Herrian Bigarren Gerra Karlistaren ondorioak, eta nolabaiteko depresioa sentitzen zen gizartean, baita etorkizunera begirako kezka ere. Giro hartan sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918an. Gaur egun ere, ez dira falta zalantzak eta kezkak gure artean.

Bada, orduan bezala orain, honako xede hau du Eusko Ikaskuntzak, ‘EI berria: oinarrizko arkitektura’ dokumentutik hitzez hitz hartuta: «Euskal Herriaren lehena konprenituz, etorkizuneko eszenario-erronka ezberdinen aurrean kokatuz, gaurko errealitateaz ikasketak eta ikerketak eginez, eta pentsamendua zorroztasunarekin jorratuz, ezagutza eta konponbide berriak gizarteratzea, bitarteko ezberdinak direla medio».

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eman digu eskura dokumentua, elkartearen Donostiako Miramar jauregiko egoitzan bertan. Iñaki Ibarra zuzendari orokorrarekin eskuz esku ari da lanean, Gabonak izan arren, eta bata ordenagailuan ari den bitartean bestea paper eta karpeta artean murgilduta dago. Enpresan eta unibertsitatean ibilbide luzea dute, eta gutxik bezala ezagutzen dute Euskal Herria, ipar eta hego. Orain erabat Eusko Ikaskuntzari emanda daude, eta egunotan zehazki hainbeste hilabetez prestatutako kongresuaren azken xehetasunak lotzen ari dira.

XX. mende hasierako euskal unibertsitatearen aldeko mugimenduaren “alaba” dela EI dio Dorronsorok. Julio Urkijok 1907an sortu zuen RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) izan zen aldarrikapen horren aitzindari, eta hamarkada bat geroago jaiotako Eusko Ikaskuntzak gogo horrekin bat egin zuen. Gizarte zibileko hainbat eta hainbat euskaltzale eta kulturzale bildu ziren EIren baitan, eta unibertsitatearen proiektuaz gain, ikastolen lehenengo testuliburuak prestatu zituzten, gizarte eta ekonomia gaiak jorratu zituzten hainbat kongresu burutu ere bai, eta lehenengo Euskal Autonomia Estatutua ere EIk erredaktatu zuen. 1918-1936, horiek izan ziren Eusko Ikaskuntzaren urrezko urteak, gerrak dena pikutara bota zuen arte.

Nolabaiteko aktibitatea mantendu zuen elkarteak gerraren ondoren, batez ere Ipar Euskal Herrian, baina moteltzen joan zen eta lozorroan sartu zen azkenik. Frankismoaren bukaerarekin berpiztu zen –ordurako ikastolen mugimendua martxan zegoen, euskal esparruko unibertsitateak ere prest ziren, Aranzadi Zientzia Elkartea ere lanean ari zen...–, eta geroztik lanean aritu da, esate baterako, Auñamendi entziklopedia erraldoia osatzen, baina urrezko urteetan izandako posizioa berreskuratzea oso zaila zitzaion ordurako eta Euskal Herrian nola kokatu buruhauste iturri izan da EIrentzat azken urteotan. 2007ko krisi ekonomikoak instituzioek emandako diru laguntzen beherakada handia eragin zuen; diru sarrerak ia laurdenera jaisteak oso kili-kolo utzi zuen Eusko Ikaskuntza.

«Euskal Herriaren gaurko erronkak?»

Elkartea birpentsatu eta berrantolatu beharra zegoen. «Niri tokatu zitzaidan», adierazi du Dorronsorok. Erabaki mingarriak hartu behar izan zituen, baina egoera aprobetxatu zuen Eusko Ikaskuntzaren ereduaz eta posizionamenduaz hausnarketa sakona abiarazteko eta planteamendu berria mahai gainean jartzeko. Bazkide guztiei eta gizarte zibileko hainbat agenteri «Euskal Herriaren erronkak zeintzuk dira gaur egun?», egin zien galdera, eta jasotako aportazioekin ondorio garbi batera iritsi zen: betiko perspektiba zientifiko-intelektualetik abiatuta, ez perspektiba ideologiko batetik, erronka sozialez ikerketa, hausnarketa eta zabalkundea egin behar du EIk. Eta aldaketa handi bat aurreko etaparekiko: iragana ahaztu gabe, begirada etorkizunean jartzea. Biraketa kontzeptual latza.

Bada, erabaki estrategiko hori hartuta, EI jo eta su jarri da lanean. Etorkizuna aurreikusi eta prestatu arlo kulturalean, sozialean, ekonomikoan... betiere ikuspuntu supraterritorialetik, egungo zatiketa administratiboa gaindituta. «Ez dakit Euskal Herria historian zehar inoiz egon ote den gaur bezain fragmentatua juridikoki eta politikoki. Arazo handia daukagu horrekin. Bada guk, EIk, justu horren kontra egiten dugu, artikulazioaren alde, praxiarekin demostratuta. Gure mintegi guztietan, egiten diren herrialdean egiten direla, Euskal Herri osoko ordezkariak daude, esate baterako», diosku Dorronsorok.

Lanerako metodologia ere aldatu du EIk. Historikoki mantendutako departamentu edo sail antolaketa erabat edo oso estankoa –unibertsitatean izaten den modukoa– baztertu eta ikerketa transdiziplinarretara jo du. Proiektuak dira orain lantzen dituztenak, diziplina ezberdinek elkarlanean ekiten diete egitasmoei.

2014an, bazkideei galdera egin zien Eusko Ikaskuntzako zuzendaritzak, elkartea zer arlotan aritu behar zen definitu zezaten. Eta bost lan esparrutan aritzea erabaki zuten. Lehena, euskararen etorkizuna. Bigarrena, euskal kultura eta identitatea. Hirugarrena, ekonomia arloan, eredu sozioekonomikoa eta enpresa ereduak. Laugarrena, Euskal Herriaren artikulazio juridiko-politikoa. Eta azkenik, aurreko guztiak bere baitan hartzen dituena: Euskal Herriaren etorkizuna. Eta gorago esan bezala, betiere geroari begira iraganari bainoago. 2015ean, arlo horietako bakoitzean hurrengo lau urteetan zer proiektu zehatz burutu erabaki zuten. Testuinguru honetan kokatzen da mendeurreneko kongresua, ate joka dugun 2018 honetakoa.

Ez da izango kongresu akademiko klasiko bat. Eta ez du kokapen fisiko bakarra izango, bost baizik, aipatu dugun esparru horietako bakoitzarentzat bana: Baiona, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo izango dira kokalekuak, eta azken ekitaldia Oñatin burutuko da. Oñatikoak berebiziko garrantzia izango du, diagnostikotik proposizioetarako jauzia hor emango delako, alegia, detektatu diren arazoei eta erronkei zer erantzun eman hor proposatuko duelako Eusko Ikaskuntzak. Hobeto esanda, batzarretan eta mintegietan parte hartuko duten mila lagun inguruk (euskal materia grisak) proposatutakoa emango du ezagutzera EIk.

Izen batzuk eta leloa

Jakina, dagoeneko lan mordoxka aurreratuta dago. EI bukatzen ari da ‘Liburu berdea’, hau da, atalez-atal gaur egungo egoeraren diagnostikoa azaltzen duen liburua, kongresurako oinarrizko dokumentua izango dena. Talde eragileak martxan daude, eta horietako arduradunen izen-abizenak –betiere esparru intelektual-profesionalean ospea irabazia dutenak– ezagutzeko modua izan dugu. Batzuk aipatzearren, Angel Toña izango da Eredu Sozioekonomikoa arloko zuzendari zientifikoa, Mario Zubiaga Artikulazio Juridikoa atalekoa, eta Iñaki Marko Euskal Herriaren Etorkizuna atalekoa. Kongresuaren leloa ere erabakita dago: “Geroa elkar ekin” izango da.

Horrez gain, datorren urterako lau «Herri mahai» jarri nahi ditu martxan EIk Euskal Herrian barrena, eta horietako bakoitzean 200 bat lagun arituko dira EIrentzat estrategikoak diren gai horien inguruan ekarpenak egiteko. Hauen lanaren sintesia egin eta forma eman, hori beste lau «Aditu mahai»ren ardura izango da.

Mendeurrena, kongresua... hauek denak testuinguru jakin batean izango dira, duela hamar urte izan zitekeenetik oso desberdina. Euskal Herrian gertatzen ari den gizarte mailako destenkatzeak lagundu egiten du EIk burutu nahi duen lanean. Izan ere, oso garbi dauka elkarteak, Dorronsorok esan digun moduan, borroka ideologikotik eta politikotik «pauso bat atzera» egon behar duela, zubiak eraiki ahal izateko eta pentsaera aldetik elkarrengandik urruti dauden pertsonak elkartzeko eta hauen materia grisaz baliatu ahal izateko helburu nagusia lortzeko bidean, hau da, Euskal Herriaren etorkizun oparoa.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK