Nafarroan torturari buruzko ikerketa egingo den galdetu dio EH Bilduk Gobernuari

EAEn egin den bezala, Nafarroan ere torturari buruzko ikerketa egiteko asmoa jakin nahi du EH Bilduk. Hor argitzeko, galdera aurkeztu du Bakartxo Ruiz parlamentariak Legebiltzarraren Erregistroan.

@MartxeloDiaz|IRUÑEA|2018/01/03 12:38
Tortura
Mural contra la tortura en Burlata. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Hurrengo osoko bilkuran erantzuteko galdera aurkeztu du Barkartxo Ruiz parlamentariak Nafarroako Gobernuari.

Ruizek gogoratzen duenez, iragan abenduan EAEn 1960-2014 bitartean izandako tortura eta tratu txarren inguruan Paco Etxeberriak gidatutako taldeak egin duen ikerketa proiektuaren txostena eman zen argitara. Bertan, 4.113 tortura kasu eman dituzte frogatutzat.

«Aztertutako espediente guztien artean 292 nafar herritarren ingurukoak dira, baina hauek proiektutik kanpo geratu dira, lana EAEko kasuetara mugatu baita», nabarmendu du Ruizek.

Honekin batera, irallaren 12an onarturiko foru agindu baten bidez dirulaguntza-deialdia egin zen EHUko talde berberak EAEn egin duen ikerketa Nafarroan egin dezan.

Gauzak horrela, honako galderak egin dizkio EH Bilduko parlamentariak: «Zein da Nafar Gobernuak EAEk torturaren inguruko txostenaren edukiaren eta ondorioen inguruan egiten duen balorazio? Zeintzuk dira arlo honetan Nafarroan emango diren urratsak? Zer espero du Gobernuak abian jarriko duen proiektutik?».

2016ko maiatzean Nafarroako Parlamentuak torturaren kontrako ebazpena onartu zuen Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren bozkekin. UPN, PSN eta PPk aurka egin zuten. Ebazpen horretan Gobernu espainolari tortura babesten duen ezohiko legediarekin amaitzeko eskatzen zen.