NAIZ
Madrid

Herri harresia «protesta sinboliko gisa» egin zutela defendatu dute auziperatuek

2015ean, epaiketa batean, herri harresi bat irudikatzeagatik 50 lagun epaitu dituzte Alcala de Henareseko auzitegian eta sententziaren zain gelditu dira. Orduan auzipetuak zirenek herri harresia «protesta sinboliko» gisa egin zutela adierazi dute, auziaren «zentzugabekeria» nabarmenduz.

50 auziperatuak, Alcala de Henareseko epaitegiaren atarian.
50 auziperatuak, Alcala de Henareseko epaitegiaren atarian.

47 euskal herritar eta Madrilgo hiru lagunen aurkako epaiketa gaur hasi eta bukatu da Alcala de Henareseko auzitegian. Aurreko epaiketan auzipetuak zirenek herri harresia «protesta sinboliko» gisa egin zutela adierazi dute eta, aldiz, publiko bezala zeudenek ez zutela txalotu eta ezer ez zekitela defendatu dute. 

Fiskalak bost hilabetetako kartzela zigorra eta bi urtez epaiketetako bistetara publiko gisa joateko debekua eskatzen du denentzat. Defentsak, aldiz, auziperatu guztien absoluzioa galdegin du.

Akusazioaren partetik, aldiz, AVTko kide batek deklaratu du: «Publikoko jendea oihuka hasi zen. Ez dakit ez ote ziren aulki gainera ere igo», adierazi du Topatuk argitaratu duenez. Epaiketa gelan zaintzan zeuden poliziek ere deklaratu dute eta adierazi dutenez, «pixka bat tiratu ostean», publikoa bere kabuz atera zen gelatik.

Auziperatuen abokatuetako batek adierazi du ezin dela argudiatu publikoko kideetako bakoitzak txalotu zuenik; eta beraz, guztien absoluzioa eskatu dute abokatuek, «eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik».

«Zentzugabekeria»

Epaiketaren ostean zabaldutako ohar baten bitartez, auziaren «zentzugabekeria» salatu dute.

«Noren buruan sar dauteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa erabiltzen dituztenen buruan bakarrik. 155 artikuluaren aplikazioa babesten dutenen buruan bakarrik», nabarmendu dute.

Euskal Herriak konponbidea behar duela azpimarratu ondoren, argi utzi nahi izan dute «errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik», euskal gazteriak «libre bizi eta borrokatzen jarraitzeko» apustua berretsi dute.

2015eko gertakariengatik epaituak

2015eko maiatzean Ernai gazte antolakundeko zortzi kidek epaiketa izan zuten, 2013ko Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña zendu berria zen presoari egindako ekitaldi batean «terrorismoa goratzea» leporatuta.

Epaiketa hura baino egun gutxi lehenago, Segiko kide izatea egotzita, Audientzia Nazionalak Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban gazteak espetxeratzea agindu zuen eta azken hiruak Gasteizko Herri Harresian atxilotu zituzten. Espetxeratutako gazteekin elkartasunez, protesta ekimena egin zuten Ernaiko kideek eta epaiketa jarraitzen ari ziren publikoko kideek: deklarazioaren erdian zutitu eta espetxeratuen aurpegiak zituzten kamiseta laranjekin «euskal gazteria aurrera» oihuak bota zituzten.

Murillo epaileak epaituak eta publiko osoa aretotik bota zuen; bueltan, «desordena» leporatuta diligentziak abiatuko zituela adierazi zuen.