Haur eta gazteek euskaraz irakur dezaten irakasleak trebatuko dituzte EAEn

Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko eta euskarazko literatura ezagutzera emateko Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxeetako irakasleak trebatuko ditu Galtzagorri elkarteak, Lakuako Gobernuarekin abian jarri duen proiektuaren baitan.

NAIZ|DONOSTIA|2018/01/12 17:22
Galtzagorri
Iñaki Markotegi, Miren Dobaran eta Castillo Suarez, gaurko aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri elkarteak proiektu berri bat jarri dute martxan, haur eta gazteen artean euskaraz irakurzaletasuna bultzatzeko. Ekimen honen bitartez, Galtzagorriko profesionalak Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joango dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera.

Zehazki, gurditxo batean euskarazko haur eta gazte literaturako 40 liburu inguru eramango dituzte ikastetxeetara, eta haien bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatuko zaizkie irakasleei, hauek «haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihurtuz».

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iñaki Markotegi Galtzagorri elkarteko presidenteak eta Castillo Suarez idazle eta Galtzagorriko kideak aurkeztu dute proiektua gaur Donostian.

Azaldu dutenez, ikastetxeetan dagoen behar bati erantzungo dio proiektuak, irakasleek arlo horretan trebatzeko gogoa baitute. «Ekimen honen bidez hainbat helburu lortu nahi ditugu: irakurzaletasuna sustatu, euskarazko haur eta gazte literatura ezagutzera eman, euskara gozamenarekin lotu eta euskara maila hobetzen lagundu. Oso eraginkorra izan daitekeelakoan gaude», azaldu du Dobaranek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza zentro guztiek parte har dezakete ekimenean, eta izena ematea erabakitzen dutenek Galtzagorriko aholkulariaren bisita bana jasoko dute ikasturtean zehar. Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du, eta kopuru hori agortu arteko saioak eskainiko dira.

Bisita horietan Galtzagorriko aholkulariek 40 liburu inguru eramango dituzte eskoletara. Han, liburu guztien gaiak eta ildo nagusiak aurkeztu eta azalduko dituzte. Material hori guztia izango da oinarria, eta horren bidez irakurzaletasuna sustatzeko jorra daitezkeen dinamiken eta estrategien proposamena egingo da. Azkenik, parte hartzen duten zentro guztiei gida txiki bat banatuko zaie.