NAIZ
DONOSTIA

Uriarteren salaketa «arduragabe, larri eta iraingarriak» gaitzetsi dituzte ELA, LAB eta Steilasek

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuari «arduraz» jokatzeko eta hezkuntza publikoaren beharren eta sindikatuen aldarrikapenen alde agertu diren «langile, familia eta ikasleen aurkako irain eta salaketak» alde batera uzteko eskatu diote. Datozen hilabeteetarako deitu dituzten greba eta mobilizazioen harira sailburuak esan dituenak greba eta mobilizazioa «kriminalizatzeko ahalegina» direla uste dute.

ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek atzo aurkeztu zituzten hezkuntza publikoan egingo dituzten greba eta mobilizazioak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek atzo aurkeztu zituzten hezkuntza publikoan egingo dituzten greba eta mobilizazioak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB eta Steilasek ohar baten bidez erantzun diote Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari, sindikatuok datozen hilabeteotarako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitu dituzten greba eta mobilizazioen aurka egin dituen adierazpenei.

Uriarterenak salaketa «larriak, arduragabeak eta iraingarriak dira sindikatu, langile, familia eta ikasleentzat eta benetako arazo, eztabaida eta aldarrikapenei ez heltzea dute helburu» sindikatu horien iritziz. 

2009tik 2018ra hezkuntzan izan diren murrizketa eta inbertsio publikoaren jaitsieraren aurrean, sindikatuek lan baldintzak eta hezkuntza publikoa «defendatu besterik ez dute egin», eta horretarako «Jaurlaritzak utzi digun baliabide bakarra» erabili dute: «mobilizazioa eta greba».

«Azken 10 urte hauetan horrelako murrizketak inposatu dituztenen ahotan, sindikatuok eta hezkuntzako langileok familiak bahituak ditugula eta hezkuntza publikoaren aurka egiten dugula entzutea larria izateaz gain iraingarri eta guztiz arduragabea ere bada. Honen atzean sindikatuok eta azken hilabeteetako mobilizazio eta grebetara irten diren milaka langilek lehen mailan jarri ditugun arazo, eztabaida eta aldarrikapenei ez heltzea beste helbururik ez dago», nabarmendu dute.

ELA, LAB eta Steilasek diotenez, beren negoziazio borondatearen erakusle da «negoziazio mahaiak deituak dauden denboran inolako greba deialdirik ez egotea». «Sindikatuok espreski ekidin dugu aurrematrikula garaian inolako greba deialdirik egitea. Eta azken hiruhileko greba deialdiak, ikasleei azterketek gehien eragiten dieten kolektiboetan (irakasle eta heziketa berezian) apirilean eta maiatzeko lehen astean daude deituak», azaldu dute.

Hezkuntza sailburuaren hitzek «Gobernuak hezkuntza publikoaren beharrei eta sindikatuon aldarrikapenei heldu ez izana ezkutatu nahi dute eta greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko ahalegina dira» haien iritziz.

Lakuako Gobernuari «arduraz» jokatzeko eskatu diote eta negoziaziorako «prestutasuna» agertu dute, «baina horretarako gure aldarrikapenei helduko dieten proposamen sendoak behar ditugu mahai gainean. Hau egon ezean, greba eta mobilizazioarekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko», amaitu dute.