Jon Ormazabal

Altuna-Martijak ez dute arrakalarik erakusten (22-13)

Altunak beste erakustaldi bat eman du eta seigarren puntua eskuratuta finalerdiak oso gertu dituzte. Lasoren debuta ez da pizgarria izan eta Asegarcekoek oso zail dute hurrengo fasera pasatzea.

Lasok debuteko partida jokatu du Binakakoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Lasok debuteko partida jokatu du Binakakoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Aimar Olaizolak aurreko astean ikaragarri jokatu zuela, baina Jokin Altunak ez du gutxiago izan nahi izan eta sekulako erakustaldia emanda txapelketako bikoterik gazteenak oso garaipen garrantzitsua eskuratu du Eibarren, Laso-Albisuri 22-13 irabazita.

Ez dute elkarrekin askorik jokatu Amezketakoak eta Etxeberrikoak baina bikote bezala gehien eskaintzen ari den bikoa da Aspekoa. Beste batzuek duten joa ez duten arren, pilotariak dira oso biak eta maila ikusgarria ematen ari dira.

Astelenan, markagailuari begiratuta eman dezakeena baina lehia zailagoa izan dute liderrek. Izan ere, Lasok eta, bereziki, Albisuk, oso bizi mugitu dute pilota eta Jokin Altunak oso urrutitik sartu behar izan du. Hala ere, bikain aritu da gipuzkoarra eta azkar xamar hartu dute aldea markagailuan 10-3. Binakakoan debuta egin duen Lasok ez du partida txarra egin, detaile politak utzi ditu, baina ez du pilotaren bila joaterakoan gehiegi asmatu eta ezin izan die atzelariak irekitako zuloei probetxurik atera. Izan dute, hala ere, euren momentua Asegarcekoek eta pilota Altunaren gainetik pasaz, hiru tantora gerturatu dira (13-10).

Hala ere, hortxe geratu dira, Altunak berriz ere hartu partidaren agintea, berak jarritako erritmoan jokatu da hortik aurrera eta Aspekoek seigarren puntua eskuratu dute.