NAIZ

Everesteko bigarren kanpalekura iritsi da Alex Txikon

Alex Txikon mendigoizale lemoarra Everesteko bigarren kanpalekuraino iritsi da. 6.500 metrotan kokatu dute eta «pozarren» agertu da egindako lanagatik. Bertako lanekin amaitu ostean, beherako bidea hartu dute berriz ere, atseden hartzeko beharrarekin.

Alex Txikon, Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko bigarren saiakeran. (@AlexTxikon)
Alex Txikon, Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko bigarren saiakeran. (@AlexTxikon)

Behe kanpalekutik atera eta lehen kanpalekuan gau «benetan hotza» pasa ostean, eta ia lorik egin gabe «haize bortitza dela-eta», bigarren kanpalekura iritsi dira Alex Txikon eta bere taldea. «Pozarren» agertu da mendigoizale bizkaitarra sare sozialetan. Jakinarazi duenez, iaz bi egunetan egin zuen ibilbide hau, baina aurten jardunaldi bakarrean osatu du.

6.500 metrotan kokatu dute bigarren kanpaleku hau, hau da, iaz baino 150 metro gorago. Bertako lanekin amaitu ostean, beheranzko bidea hartu dute berriz ere, «Haize bortitzak markatutako jardunaldi gogor baten ondoren, behe kanpalekura itzuli gara, neka-neka eginda baina egindako lanarekin guztiz asebeteta».

Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzen lehena izan nahi du Txikonek. Iazko saiakeran ez zuen lortu, baina ekinera itzuli da aurten. Urtarrilaren 3an iritsi zen behe kanpamentura Lemoako alpinista zortzi eguneko trekkinga egin eta gero.