NAIZ
Lasarte-Oria

Lasarte-Oriako Landaberriko irakasleek erraustegiaren aurrean duten «kezka» berretsi dute

Lasarte-Oriako Landaberri ikastolan erraustegiaren aurka eskegi dituzten pankartak kentzeko agindua eman du Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariak. Adierazpen baten bitartez, irakasleek erraustegiaren aurrean duten «kezka» adierazi nahi izan dute eta «arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde» agertu dira.

Lasarte-Oriako Landaberri ikastolan eskegitako pankartetako bat.
Lasarte-Oriako Landaberri ikastolan eskegitako pankartetako bat.

Lasarte-Oriako Landaberri ikastolak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariak erraustegia dela-eta ikastetxean jarrita dituzten pankartak kentzeko agindua eman die. Ikastola eraikitzen ari diren erraustegitik 500 metrotara dago. Pankarta horiek erraustegiak «gure osasunean eragin ditzakeen kalteekiko kezka adierazten dute», azpimarratu dute.

Adierazpen bitartez, irakasleek kezka hori berretsi dute. Horren aurrean «hausnarketan eta errespetuan oinarrituta, arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde» daudela azpimarratu dute. Pankartak kentzeko aginduaren harira, aldiz, hauek eta horma-irudiak «adierazpen jardueratzat» dituzte eta «bizitasun eta askatasun adierazle».

Ildo beretik, «ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna» ikasleekin lantzen duten moduan, «zaborren trataeraren kultura osasuntsu eta sostengarri berbera» bultzatzen dute.

Ikastetxean bertan egindako inkestaren arabera, ikasleen %84ak «kezka handia» agertu du.

Era berean, kezka adieraziz Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari den Gema Gonzalez de Txabarriri bitan idatzi dioten arren erantzunik ez dutela jaso salatu dute.