NAIZ
Arrasate

Edesa eta Geyserreko langileek «proiektu hau erortzen ez uztea» eskatu diote Lakuari

«Fagor zenaren ondorioz abiatu daitekeen edozein proiektu industrial aurrera ateratzea ekidin nahi dutela» salatu dute Edesa eta Geyserreko langileek. Egoeraren aurrean, Lakuari «proiektu hau erortzen ez uztea» eskatu diote.

Edesa eta Geyserreko langileek agerraldia eta elkarretaratzea egin dituzte Arrasaten. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Edesa eta Geyserreko langileek agerraldia eta elkarretaratzea egin dituzte Arrasaten. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Edesa eta Geyserreko langileek agerraldi bat eta elkarretaratzea egin dute Arrasaten. «Nahiz eta ez diguten ofizialki jakinarazi, esan digutena da, 10 komertzial inguru ezik, gainontzeko langile guztien kanporatzea aurkeztuko dutela». Ondorioz, Geyser Gastech likidaziora eramango dute. «Nola da posible 10 pertsona gelditzea CNA Taldeko beste sozietate batzuetarako lanean, zuzendaritzarik gabe, ekoizpenik gabe eta zerbitzu administratiborik gabe?», galdetu dute.

Langileen iritziz, «Fagor zenaren ondorioz abiatu daitekeen edozein proiektu industrial aurrera ateratzea ekidin nahi dute». Hala, «Fagorreko aktiboak bereganatu eta bailaran enplegua sortu dezakeen enpresa baten etorrera ekidin» nahi dutela salatu dute. 

Horren aurrean, CNAk Txinan fabrikatuz eta hemen proiektu industrialik gabe, «FAGOR marka erabiltzeko eskubiderik ez duela» adierazi dute. «Aldi berean, uste dugu FAGOR .S.COOP ek marka utzi beharko lukeela, bailaran enplegua sortzeko proiektu industrialari bide emanez, enplegua sortuz eta Euskal Herrian aberastasuna sortuz, betiere, markaren erabilera ona bermatzeko baldintzetan. Ezin dugu onetsi, enpresariaren askatasunaren izenean, enpresarekin nahi dutena egitea».

Egoerari aurre egiteko, Lakuari «proiektu hau erortzen ez uztea» eskatu diote. «Egoera larri honetan dagokien arduraz joka dezatela. Plantilla guztia kaleratzea eta enplegua sortuko ez duen hitzarmen bat onartzeak, de facto, enpleguaren sorrera galaraztea suposatzen du».