NAIZ
BAIONA

Atzeratu egin da euskal ordezkaritzaren eta Justizia Ministerio frantsesaren bilera

Justizia Ministerio frantsesaren eta euskal ordezkaritzaren artean heldu den asteazkenean Parisen egitekoa zen bilera bertan behera geratu da, frantziar espetxeetako funtzionarioak egiten ari diren greba dela-eta, Bake Bideak jakinarazi duenez.

Euskal ordezkaritza urrian, frantziar Justizia Ministerioaren aurrean. ©Bake Bidea
Euskal ordezkaritza urrian, frantziar Justizia Ministerioaren aurrean. ©Bake Bidea

Datorren asteazkenerako, hilaren 24rako, zuten finkatua hitzordua frantziar Justizia Ministerioak eta Euskal Herriko ordezkaritzak, presoen auziaren inguruan ireki duten lan ildoa jorratzeko. Bake Bideak ohar batean jakinarazi duenez, ordea, bilkura bertan behera geratu da, «presondegietako aktualitateari lotutako agendarengatik». Izan ere, frantziar Estatuko espetxeetan funtzionarioak mobilizazioak egiten ari dira duela hainbat egunetatik, eta gaur greba orokorra hasi dute.

Horrenbestez, euskal ordezkaritzarekin zuen bilkura atzeratu egin du Parisek.

Euskal ordezkaritzaren eta Justizia Ministerioaren artean hiru bilera izan dira orain arte, presoen egoera jorratzeko, azkena abenduaren 27an. Bilera hark ez zuen presoen hurbilketari dagokionez aurrerapausurik ekarri, Bake Bideak azaldu zuenez, nahiz eta Parisek ez zuen aurkako jarrera agertu Mont de Marsan eta Lannemezango kartzeletara ekartzearen inguruan.

Joan zen azaroan zazpi euskal presori DPS zaintza estatus berezia kendu zieten, eta horren ondotik Justizia Ministerioak neurria presoen koektiboko beste kideei ere zabaltzeko asmoa agertu zuen.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak, Bake Bideako ordezkariek eta bakearen artisauek osatzen dute euskal ordezkaritza.