NAIZ
BILBO

Vuelta eta Tourreko antolatzaileei euskarari dagokion tokia emateko eskatu die Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak Espainiako Vueltako eta Frantziako Tourreko antolatzaileei eta sustatzaileei euskarari dagokion tokia emateko eskatu die, aurtengo edizioetan lasterketa horiek Euskal Herria igaroko dutela-eta.

2016an Vueltaren etapa bat Bilbon bukatu zen. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
2016an Vueltaren etapa bat Bilbon bukatu zen. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Aurtengo edizioetan Vuelta eta Tourreko bi etapa Euskal Herritik igaroko dira, zehazki Bizkaia eta Lapurditik. Hori dela-eta, Euskaltzaindiak lasterketa horietako antolatzaileei eskatu die euskarari dagokion tokia eman diezaiotela.

Ohar batean azaldu duenez, Akademiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko ahaldun nagusiari, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuari.

Horrekin batera, aurten Barakaldoko BECen antolatuko den MTV Europe Music Awards eta Bilbon jokatuko diren Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketetako finalak direla-eta, eskaera bera egin die Bilbo, Barakaldo eta Getxoko alkateei.

Agintari horiei guztiei gogorarazi die toki «duina eta aproposa» izan behar duela euskarak aurten antolatuko diren ekitaldietan, «gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa».

Oharrean nabarmendu duenez, Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde aholku emaile ofiziala da, Errege Akademia denez gero (1976), eta, Frantziako Errepublikan, Onura publikoko erakunde aitortua da (1995), eta bere egitekoen artean dago herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea. Hortaz, euskal hiztunen eskubideak arretaz zaintzeko eskatu die Ipar zein Hego Euskal Herriko ordezkari publiko eta sustatzaile pribatuei, ekitaldiotan «euskarari zor zaion tokia emanez».

Halako ekitaldiak «bakoirtasunez» hartu ditu Akademiak, «euskal ekonomian eragina izan ez ezik, Euskal Herria eta gure hizkuntza eta kultur ondarea nazioartean ezagutzera emateko aukera paregabea» dela iruditzen zaiolako.