NAIZ
DONOSTIA

Zezenketen inguruan donostiarren borondatea «errespetatzea» eskatu dio EH Bilduk Eneko Goiari

EH Bilduk Donostiako alkate Eneko Goiari Ilunben zezenketak egitearen inguruan donostiarren «gehiengoaren» borondatea «errespetatzea» eskatu dio. Zentzu honetan, osteguneko udalbatzari begira mozioa aurkeztu du koalizioak, «Goiak gehiengoak eskatzen dion erabakia behingoz hartzeko».

El coso de Illunbe, durante la feria taurina de 2015. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
El coso de Illunbe, durante la feria taurina de 2015. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

2013an EH Bilduren Udal Gobernuak Ilunbe alokatzeko atera zituen baldintzak direla-eta izan zen auziari dagokion epaia berriki eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Koalizioaren iritziz, «argi geratu da orduan egindakoa legezkoa zela». Gogora ekarri behar da 2016an ia 9.000 donostiarrek kontsulta egiteko eskaera formalizatu zutela.

EH Bilduk, ohar baten bidez, Udal Gobernuak «gaiari buruzko kontsulta egiten duen bitartean nolabaiteko moratoria egitea» proposatu du eta Ilunberi zezenketak egitea ez diren beste erabilera batzuk ematea. Honen kontra, Eneko Goiak Ilunben zezenketak egitea ahalbidetu du bere legealdiaren lehen hiru urteetan. «Aste Nagusi bakarra geratzen zaio agintean. Azken aukera da, beraz, gehiengoaren borondatea errespetatzeko, hau da, Ilunben zezenketak egiteari ezetz esateko», azpimarratu du koalizioak ohar baten bidez.

Horregatik, «erabakiak hartzeko unea heldu dela» iritzi dute. Zentzu honetan, osteguneko udalbatzari begira EH Bilduk mozioa aurkeztu duela iragarri du. «Eneko Goiak aukera izango du gehiengoak eskatzen dion erabakia behingoz hartzeko eta Ilunbeko erabilera anitza hobetzeko proiektua bukatzen duen bitartean, bertan zezenketarik ez bideratzeko».