NAIZ

Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe Massachusettseko Unibertsitatean izango dira

Massachusetts Amhersteko Unibertsitateko William Douglass Katedrako ikasleek bertsolaritzara hurbiltzeko aukera izango dute aste honetan, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak bertan izango baitira, hitzaldia eta kantaldia eskaintzen, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez. Bi ekimenetan hartuko dute parte bi berstolariek, euskara eta bertsolaritza ezagutarazteko asmoz

Lujanbio, txapelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Lujanbio, txapelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Bertsolaritza gerturatzeko asmoz, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak Massachusetts Amhersteko Unibertsitatean izanen dira. Hitzaldi eta kantaldi baten bitartez, bertsoaren mundua eramanen dute haiekin.

Bi ekimenetan hartuko dute parte bi berstolariek, euskara eta bertsolaritza ezagutarazteko asmoz. Lehenengo saioa bihar izango da, otsailaren 6an, AEBetako hiriko Simth Poetry Center gunean, eta bertsolaritzaz hitz egingo dute emakumeen ikuspututik: ‘Basque improvised Poetry: Politics and Poetics from a woman's point of view’ hitzaldian hartuko dute parte.

Bigarren saioa, aldiz, asteazkenean izango da, otsailaren 7an, Amherst unibertsitatean, bertsolaritzaren birsortzeaz eta euskararen berreskuraoenari buruz hitz egiteko: ‘Bertsolaritza renaissance and recovery of the Basque language’ izanen da bigarren hitzaldi honen izena.

Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin antolatutako ekimenetan inprobisazioaz hitz egingo dute Lujanbiok eta Artetxek, bai eta gizonezkoena izan den adierazpen artistiko batean emakume izatearen inguruan ere.