NAIZ

Torturaren aurkako ekitaldia egingo dute Etxarri Aranatzen

Egunotan Sakanan nonahi ikusi zitekeen 117 zenbakiaren atzean, torturaren biktima izan diren 117 sakandar ezkutatzen direla eman dute aditzera Sortuk eta Ernaik. Kanpainarekin bukatzeko ekitaldia antolatu dute otsailaren 17an Etxarri Aranatzen. 

Sakanan era honetako pankartan nonahi ikusi daitezke.
Sakanan era honetako pankartan nonahi ikusi daitezke.

Asteartean, otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta egun horren karietara kanpaina egin dute Sortuk eta Ernaik Sakanan, 1960-2010 bitartean eta 20.000 laguneko bailara batean 117 lagunek jasandako 135 tortura salaketa egon direla adierazteko.

Azken asteotan eskualdeko txoko ugaritan agertu da 117 zenbakia eta dinamikari amaiera emateko otsailaren 17an ekitaldia antolatu dute Sortuk eta Ernaik. 12.30tan izango da torturaren aurkako hitzordua Etxarri Aranatzeko Mikel Arregi plazan.

«Herri honek askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimenduaren adierazlea da 117 zenbakia», diote Sortuk eta Ernaik sinatu duten oharrean. Otsailaren 17ko ekitaldiarekin Sakana busti duen kanpainari amaiera emango diote eta bertan erreparazioa galdegingo dute biktimentzat. «Benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago», defendatzen dute oharrean. Era berean, bake prozesu integral baten alde «urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustarazi eta aitortu» behar direla sostengatu dute, «militante politikoek eta inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun», gehitu dute.